Joan den astean, Getariako Udal Liburutegia itxita egon da. Liburutegitik bertatik adierazi zutenez, erabiltzaileen “jarrera arazoak direla eta, konponbidearen bila” lanean aritzeko helburuarekin itxi zituzten ateak. Udalak iragarri duenez, atzotik, berriro ere zabalik dago baina, ordutegi berria izango du: astelehen, astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 19:00etara eta asteazken nahiz ostiraletan, 10:00etatik 13:00etara –lehen, egunero, arratsaldetan egoten zen irekita–.

Getariako Udalak gutun bat bidali die liburutegiko haur erabiltzaileen gurasoei, liburutegian jazotako gertaerak gaitzetsiz: “Joan den astean, errespetuaren mugak gainditu ziren eta jokabide eta hitz desegokiak izan ziren liburutegiko arduradunarekiko. Ez da bidezkoa laguntzeko eta liburutegiko funtzionamendua koordinatzeko dagoen pertsonaren lana oztopatzea eta, are gutxiago, harekiko jarrera desatseginak izatea. Eguneroko beste egoera eta inguruneetan bezala, liburutegian ere elkar zaindu behar dugu”.

Liburutegiak ordutegi eta funtzionamendu berriarekin berrekin dio jardunari. Hala, gogora ekarri dute errespetatu beharreko oinarrizko araudia; bestea beste, isilik ibiltzea, ez jan eta ez edatea, pasilloetan ez egotea nahiz gainerako erabiltzaileak errespetatzea.

Argazkia: Getariako Udal Liburutegia.

 

Lotutako albisteak: