Euskadiko Merkataritzaren Behatokiak egindako 2023ko kontsumo-ohituren azterketa aurkeztu dute gaur goizean Eusko Jaurlaritzako merkataritza arloko arduradunek. Alor horretan, EAEko bizilagunek 2023an zuten kezkarik nagusiena inflazioa zen, nahiz eta 2022arekiko, nabarmen egin zuen behera kezkak, orduan %50ekoa baitzen eta iaz %34,6koa.

Egoera ikusita, urtearen hasieran erosi asmo zituzten ondasun iraunkorrak, hala nola, ibilgailua, etxebizitza eta bidaiak, atzeratzea erabaki zuten. Urte bukaera aldera murritzagoa zen erosketa horiek atzeratzeko asmoa zutenen kopurua. Hala, erosleen konfiantzak gora egin zuen: 84,6 puntukoa zen 2023an eta 62,7 puntukoa 2022an.

Elikadurako kontsumo-ohiturei dagokionez, %45,1ek astean behin egiten du erosketa eta %43,5ek, berriz, astean zenbaitetan edo ia egunero. Gehienek hurbileko supermerkatuak lehenesten dituzte elikagai freskoak, ez-galkorrak zein garbiketakoak erosteko. Hala ere, produktu freskoak kontsumitzeko, denda espezializatuak —harategiak, arrandegiak edo fruta-dendak— aukeratzen ditu gehiengoak.

Noizbehinkako ondasunak erosterakoan, hurbiltasunari, profesionaltasunari, arreta pertsonalari eta aholkularitzari ematen diote garrantzia adindunek. Gazteek, berriz, aldaketak egin ahal izateari eta itzulketen inguruko politikari, finantzaketari, marka eta saltokien ingurumen-konpromisoari eta saltokiaren sustapen-jarduerari begiratzen diote. Oro har, galdekatutakoek “oso ongi” bat (7,3) eman diote tokiko merkataritzari, eta tratua eta hurbiltasuna baloratzen dituzte.

Azken urteotan online erosketek gorakada nabarmena izan dute; iazko azken hiruhilekoan bi kontsumitzaileetatik batek egin zituen erosketak modu honetara. Eredu hori erabiliagoa da merkataritza-dentsitate txikiko inguruetan.