Atzo arratsaldean izandako Gobernu Kontseiluaren ondoren, Iñigo Urkullu lehendakaria prentsaren aurrera azaldu zen Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen data iragartzera. Aurreikuspenek zioten moduan, apirilaren 21erako deitu dituzte hauteskundeak.

Egun horretatik aurrera, lehendakari izateari utziko dio Iñigo Urkulluk, ez baita hurrengo hauteskundeetara aurkeztuko. Atzo egindako agerraldian, kargu horretan dagoenetik, 2012tik, jazotakoen errepasoa egin zuen eta eskerrak eman zizkien herritarrei zein inguruan izandako politikariei.

Apirilaren 5ean hasiko da kanpaina eta hauteskunde egunean bertan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 18 urtez gorako ia 1.790.000 herritarrek izango dute bozkatzeko eskubidea. Boto horien bitartez aukeratuko da nortzuk beteko dituzten Eusko Legebiltzarra osatzen duten 75 eserlekuak. Lurralde bakoitzari 25 eserleku dagozkio.

Hautagaien aurkezpenak

Hauteskundeak iragarri berri diren arren, badira hainbat aste alderdi politikoak euren lehendakarigaiak aurkeztu zituztela. Egun boterean dagoen EAJk Imanol Pradales du zerrendaburu, EH Bilduk Pello Otxandiano, PSE-EEk Eneko Andueza, PPk Javier de Andres, Elkarrekin Podemosek Miren Gorrotxategi eta Sumarrek Alba Garcia.

Hain zuzen ere, igandean, otsailaren 25ean, EH Bildu alderdiak Gipuzkoako zerrendaren aurkezpena egingo du Cristobal Balenciaga Museoan. Ekitaldia 12:00etan hasiko da.

 

Lotutako albisteak: