Atzo, 17:00ak aldera, kostako errepidean zihoan gidari batek itsasoan, San Prudentzio parean, gorpu bat zegoela jakinarazi zien larrialdi zerbitzuei. Gurutze Gorriko itsas salbamenduko kideak bertaratu eta Getariako moilara eraman zuten hilotza. Azken orduetan hainbat hedabidek zabaldu dutenez, 42 urteko zumaiarra da hildakoa.

Itsasoko gertakaria izanik, Guardia Zibilak hartu du ikerketaren ardura eta jakinarazi du “denboralearen biktima” izan dela. Hildakoaren ibilgailua kostaldetik gertu aurkitu dute eta hipotesi nagusia ei da itsasora hurbildu zela olatuak ikustera eta haietakoren batek eraman edo uretara erori zela.