EH Bilduk ekitaldi politikoa egin zuen atzo Cristobal Balenciaga Museoan. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilaren 21ean iragarri eta egun gutxira, Gipuzkoatik aurkeztuko duen zerrendaren aurkezpena egin zuen.

Maddalen Iriartek lekukoa pasa zion datorren legegintzaldirako alderdiak prestatutako lantaldeari. Nerea Kortajarenari, Gipuzkoako zerrendaburuari, eman zion hitza, nabarmenduz “euskal politikagintza askoz hobea izan dela bere esperientziarekin, jakituriarekin eta egiteko erarekin. Ezagutzen dituen gizarte honen ertzetatik, daukan jakituria politikara nola ekarri duen ikusteak txunditu” duelako.

Kortajarenak emoziotik egin zituen lehen hitzak, azalduz, uste duela “kanpaina hau oso-oso emozionala izango dela, emozioak eta ilusioak handiak izango direla”. Eskerrak eman zizkien bertaratutakoei, baita atzetik dituen zerrendakideei ere, hau da, Arkaitz Rodriguezi, Itziar Muruari, Ander Goikoetxeari, Lore Martinezi, Josu Aztiriari, Rebeka Uberari, Ayme Oskozi, Garikoitz Mujikari, Eraitz Saez de Egilazi, Xabi Lukeri, Susi Sanzi, Gillen Garciari, Garazi Lopez de Etxezarretari, Jokin Bergarari, Laida Begiristaini, Zorion Ortigosari, Arritxu Iribarri, Tasio Arrizabalagari, Anuska Esnaolari, Mikel Osinalderi, Olaia Matxaini, Manuel Diaz de Rabagori, Maddalen Iriarteri eta Arnaldo Otegiri.

Kolektiboki aritzearen indarra azpimarratu zuen. Azken zortzi urteetan legebiltzarkide izan da Kortajarena eta “gauzak egin daitezkeela eta egin behar direla beste modu batean” zehaztu zuen.

Herritarrek beraien arazoak entzun eta irtenbideak emango dizkieten politikariak nahi dituztela gaineratu zuen. Arlo horretan, Osakidetzaren zerbitzu falta, 1.000 euroko alokairuak, soldata erditik gorako hipotekak, 30 urtetik gorako emantzipazioa edo zaintza beharrak izan zituen gogoan. Horren aurrean, “gertuko politika” aldarrikatu zuen.

“Ziklo politiko berria”

Ekitaldiaren amaieran Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia zuzendu zitzaien jarraitzaileei. Kideengandik eta komunitatetik han hemenka sentitzen ari den babesa izan zuen hizpide hasieran eta esker ona adierazi zien guztiei. “EH Bilduren politika ereduak indartu eta josi egiten du proiektu handi bat”, adierazi zuen.

Gipuzkoa, soziologikoki, “herrialde abertzalea, independentista, euskaltzalea, aurrera zalea eta berdinzalea, feminista” dela zehaztu zuen eta gaineratu, “Gipuzkoak izan beharko luke gaur euskal proiektu nazionalaren abangoardia, horretarako baldintzak badaudelako, horretarako gehiengoa eta mandatu demokratiko bat ere badagoelako”.

Azaldu zuenez, gipuzkoarrek etxebizitza politika berri bat, etxebizitza sarbidea bermatzea, politika birbanatzaileagoa, hizkuntza politika aurreratua, herrialdean ondo errotutako industria eredua, gizarte kohesioa eta burujabetza eraikitzeko jauzi bat ematea eskatzen dute. Horiek gauzatzeko bidetzat irudikatu zuen “2023an irekitako ziklo politiko berria”.

Mugika, 18. hautagaia, EAJren zerrendan

EAJ-PNVk ere Eusko Legebiltzarrerako zerrenda aurkeztu zuen atzo, Miramongo Parke Teknologikoan, Donostian. Iosu Mugika getariarra da haietako bat, 18. lekuan baitago.

 

Lotutako albisteak: