Oporrak Bakean programako ordezkariek bilkura egin dute asteburuan Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Bertan azaldu zutenez, 300 familia behar dituzte Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako 8 eta 12 urte arteko haurrak udan etxean hartzeko.

Fronte Polisarioko Euskadiko ordezkariak, Mohamed Fadel Mojtarrek, udako egonaldiek errefuxiatuen osasuna hobetzeko duten garrantzia azpimarratu zuen. Izan ere, “errefuxiatuen bizi baldintzak nazioarteko laguntza humanitarioaren eta muturreko klima-baldintzen menpe daude”. Era berean, gogoan izan zuen sahararrek bizi duten egoera eta Mendebaldeko Sahararen gatazka munduan ezagutarazteko balio dutela egonaldiek.

Pandemiak geldialdia eragin zuen egonaldietan eta harrezkero, ez da lortu aurreko familia kopurura heltzerik. 2022an 153 ume hartu ziren harreran eta iaz 183. 2024rako, 300era heltzea da erronka.

Janari bilketa

Azken asteetan Sahararako Elkartasun Karabanarako janari bilketa egin dute Getariako eta Zarauzko ikastetxe eta hainbat saltokitan. Bi herrien artean 4.515 kilo elikagai jaso dituzte eta martxoaren 9an bidaliko dituzte errefuxiatuen kanpalekuetara.

 

Lotutako albisteak: