Haritz Alberdi Getariako alkateak adierazi duenez, duela aste batzuk egin zuten hondartza dinamikoa izateko proposamena Gipuzkoako Foru Aldundiaren Hondartzen Mahaian. Horren arabera, jendearen egonaldiak ekidin eta bainurako, paseatzeko eta kirola egiteko erabiliko lirateke hondartzak. Uste dute horrela saihestuko liratekeela azken egunetan hainbeste buruhauste eragin dituzten jende multzoak.

Bide beretik joan dira Eusko Jaurlaritzak asteburuari begira egindako gomendioak. Jende pilaketak egon daitezkeen eremuez jardun zuen Nekane Murga Osasun sailburuak, eta hondartzen inguruan esan zuen uda “ezberdina” izango dela: “Sozializatzeko modu ezberdinak bilatu behar dira, oreka bat”. Horregatik, modu dinamikoan erabiltzeko gomendioa egin zuen, baita maskara erabiltzekoa ere hondartza barruan bi metroko distantzia bermatzerik ez badago.

Horren aurrean, Getariako Udalak, ostiralean hartutako neurriez gain, informazio ohar berria jarri du hondartzetako sarreretan. Egonaldi laburrak egiteko eta arduraz jokatzeko aholkatzen da.

Gomendioak gehitzen ari badira ere, oraindik ez dago finkatuta nolakoa izango den 2020ko denboraldia. Jaurlaritzako ordezkariek, pilaketak saihesterik ez badago, ez dute baztertu hondartzak itxi beharra. Euskadi Irratian egindako adierazpenetan, berriz, Alberdik laguntza eskatu zion Aldundiari, azalduz Getaria bezalako herri txikiek ezin diotela bakarrik aurre egin egoerari.