Bi urte baino gehiago pediatra euskaldunik gabe egon eta gero, eskakizun hori betetzen duen medikua aurreko astean hasi zen lanean Getarian. Duela hilabete batzuk, Getaria, Zestoa zein Aizarnazabalgo udalek pediatra euskalduna jartzeko mozioak aurkeztu zituzten, pediatra berak hiru herri horietako biztanleak artatzen baititu. Zortzi hilabeteko itxaronaldiaren ostean, lortu dute helburua.

2019ko ekainean, Getaria, Zestoa, Aizarnazabal eta Zumaiako alkateek gutun bat bidali zuten Osakidetzara, herri horietako haurren eta gurasoen hizkuntza eskubideak aintzat hartuta, arazoari irtenbide bat bilatzeko eskatuz. UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta Osakidetzak hainbat bilera egin zituzten, baino ez zuten konponbiderik aurkitu orduan. UEMAk erreklamazioak ere helarazi zituen Hizkuntza Eskubideen Behatokira.

Otsailean, pediatra ez-euskaldunaren egoera normalizatzen ari zelakoan, berriro jo zuen UEMAk Osakidetzara. Azken honek, pediatraren lanpostuak hizkuntza eskakizuna ezarrita zuela eta lekualdaketa lehiaketa prozesu batean sartuta zegoela jakinarazi zion. Behin lehiaketa prozesua amaituta, pediatra euskalduna pasa den astean hasi zen lanean aipatutako herrietan.

Horren harira, UEMAk pediatra euskalduna eskatu eta lau udalerri horietan mozioak aurkeztu ondoren, EH Bilduk gai hori martxoan egin zen Osoko Bilkurara eraman zuen. Bertan, Itziar Larrañaga Euskara zinegotziak “herriaren %84a euskalduna izanik, pediatra euskaldun bat” tokatzen zitzaigula eta “2008an, lanpostu horretarako baldintzetako bat euskaraz jakitea” zela nabarmendu zuen.