Gipuzkoako Eskolarteko txapelketako bigarren kanporaketa jokatu zuten joan den ostiralean, martxoaren 17an, Zarauzko Urpekoak elkartean. Bertan, finalerako zuzeneko txartela eskuratu du Amets Aizpurua Mancisidor getariarrak. Aizpuruarekin batean, kantuan aritu ziren Urko Arakistain, Jakes Etxeberria, Maddi Lasa, Araitz Ramos eta Sustrai Goenaga. 65 lagun bertaratu ziren kanporaketa saioa ikustera, antolatzaileek jakiera eman dutenez, sarrera guztiak agortu ziren.

Gai jartzaile lanetan Joanes Zubia aritu zen eta bertsolarien lanak epaitzen Zigor Leunda, Leire Beloki eta Bakarne Urreaga. Kopletako ariketan laguntzeko trikitilariak, berriz, Araitz Etxaniz eta Onditz Alberdi izan ziren. Lau kanporaketa egingo dira eta saio horietako irabazleak zuzenean pasako dira Gipuzkoako finalera, gainerakoak puntu bidez. Amets Aizpuruarekin batean, Legazpin egin zen lehenengo kanporaketa irabazita, June Aistaran ere finalean izango da.

Etzi, ostiralean, 20:00etan hasita, Gipuzkoako Eskolarteko hirugarren kanporaketa Errezilen izango da. Bertan bost bertsolari arituko dira kantuan: Izar Zelarain, Jare Bengoetxea, Peru Alijostes, Beñat Zeberio eta Egiar Otegi. Afarirako txartelak www.bertsosarrerak.eus atarian egongo dira salgai ostegun eguerdira arte, lehenago agortu ezean.

Argazkia: Iñigo Aizpurua