Getariako Udalak, EH Bildu eta EAJ-PNVk sinatuta, adierazpena kaleratu du gaur asteburuan herriko moilan izango den Juan Sebastian Elcano ontziaren harira. Adierazi duenez, urteak dira Getariara etortzen hasi zela eta “beti eragin izan du jarrera arrotza herritarren gehiengoaren artean, itsasontziak duen karga sinbolikoagatik”.

Horren aurrean honakoa jakinarazi du: “Getariako Udalak argi du gure nazioa Euskal Herria dela eta beti defendatuko dugu euskal estatu baten eraikuntza. Jarrera hau argi ikusten da herritarrengandik ere udal berriaren osaera abertzaleak adierazi duen bezala”.

Horrela, lau puntuko adierazpena adostu dute bi alderdiek, non honakoa zehazten den:

  • “Getariako Udalak Espainiako itsas armadaren Juan Sebastian Elcano ontziak eragiten duen balore sinbolikoaren aurkakotasuna adierazten du.
  • Gertariako Udalak Euskal Herriaren nazio izaera erreibindikatzen du eta estatu subirano independente bat lortzeko lanean jarraituko duela adierazten du.
  • Getariako Udalarentzat Espainiako armadaren agerraldi eta erakustaldiak ez datoz bat herriaren ezaugarriekin.
  • Getariako Udalak herritarrei probokazioetan ez erortzeko deia egiten die, izan dezaketen ezinegona modu baketsuan adieraziz”.