Garen bezalakoak gara

LH6 – Ipuina – Saritua
Julene Basurto Olaizola

 

Kaixo, 

Malen da nire izena, 10 urte ditut eta azpeitiarra naiz jaiotzez. Ondoren, zorionez, bizitza honek beraiek ezagutzeko aukera eman didan eta inguruan izan ditudan pertsona ezberdinen berri kontatu nahi dizuet. Konturatu naiz nire 10 urte hauetan, arraza ezberdineko, ohitura ezberdineko eta pentsamendu ezberdinetako pertsona asko ezagutzeko aukera izan dudala. Jarraian, gaur nire egunerokoan idatzi dudana konpartituko dizuet. 

“Nire ama Karmele, euskalduna da, azpeitiarra, ni bezala. Aita berriz, atzerritarra dut, Alemaniakoa baita. Etxetik bertatik hasita bizitzeko modu ezberdinak ikusi ditut. Aitak, bertako janaria oraindik ere gustuko du eta askotan prestatzen dizkigu niri eta nire anaia Unairi brezela eta saltxitxak. Gure ostiraletako afaria izaten da normalean, eta oso gustura jaten ditugunak, gainera. Nire aitak Albert du izena eta euskaldunekin alderatuta oso itxura ezberdineko pertsona da. Oso zerbeza zalea da, azalez zuri-zuria eta dantzari oso txarra. A ze lotsa ematen didan Getariara udara pasatzera joaten garenean eta Kale Nagusitik behera galtzerdi eta sandaliekin jaisten denean. A ze lotsa!!!

Urtero Getariara joaten naiz udara pasatzera. Bertan, betiko kuadrilla daukat, hiru neska eta bi mutil gara. Udalekuetan ezagutu nuen Sasha, Saharako neska polit eta alaia. Itxuraz gugandik desberdina, beltzarana, ile kizkurra eta oso neska jatorra da, atsegin dut berarekin jolastea. Sashak lau urte daramatza gurasoekin herrian bertan bizitzen eta ez du inongo arazorik izan lagunak egiteko. Oso neska irekia da, alaia, eta askotan kontatzen dizkit Saharako istorioak. 

Ni bizi naizen lekuan, hau da, gure etxepean, Muhammeden aitak mugikorren denda bat du. Muhammed 13 urteko mutil pakistandarra da. Orain arte ezagutu dudan mutilik jatorrena da. Ez dakit ausartuko nintzatekeen esatera baina, maitemindu egin naizela uste dut. Atsegin ditut bere ile beltzarana, bere begi ilun eta handiak. Oso begirada polita duen mutila da. Familiarekin egotea atsegin du. Nire anaiarekin ere asko jolasten du. Denbora librea dudan bakoitzean, beheko dendara jaisten naiz berarekin egotera. Kirolari fina da, kricketa du gustuko eta berarekin egin izan ohi dut kirol hau. Datorren astean, bere anaia Amir, zaharrena, ezkontzen dela eta, ezkontzara gonbidatu nau. Oso urduri nago, ikaragarrizko jende pila gonbidatuta dagoelako ezkontza horretara.  

Urtarrilaren 31, astelehena

Badut beste lagun bat Jia izenekoa. Adinez ni baino zaharragoa da, 12 urte ditu eta oso bihotz oneko neska da. Herrian bertan izugarrizko dendak ditu. Denetarik dute, sukaldeko ontzietatik hasi eta hain gozoak diren marrubizko gominoletara. Sarri egoten naiz bere ama Chang eta Liu aitarekin dendan laguntzen, lan asko izaten baitute. Bihar urte berria dela eta, afaltzera gonbidatu naute. Hemen, Euskal Herrian, urte berria abenduaren 31n ospatzen dugun bezala, beraientzat, otsailaren 1a da urte berria, eta datorren urtarrilaren 21 arte iraungo du. Txinatarrentzat uretako tigrea, zorte txarra kentzen duen piztia, guztien erregea dela ere esan ohi dit.

Jia oso neska polita da, aurpegi zabala du eta begi oso politak ditu. Beste txinatar guztiek bezala, begi estuak ditu eta hizketarako ere modu berezia du. Familian eginbehar asko izaten ditu, bere gurasoei asko laguntzen baitie dendan. Bere bizitzaz asko hitz egiten dit. Txinan bizi izan deneko bizipen asko kontatu dizkit, hala nola, bertako janaria, ohiturak…

Euskal Herrira iritsi zenean, bertan ditugun ohituretara egokitzea asko kostatu zitzaion sukaldeko jan-tresna berrien erabilerara adibidez, beraiek ohituta baitaude makil txinatarren laguntzaz jatera.  

Nire eskolako Maddiren aitaz ere hitz egin nahi dizuet. Bera Samuel da, kolonbiarra izatez. Oso pertsona lasaia da, erritmo lasaian bizi dena, alegia. Gizon altua eta beltzarana da, dantzatzea du gustuko. Eskolako jaialdi guztietan, berak eta bere andreak beti egiten digute saltsa erakustaldi bat; denak txunditurik geratzen gara. Urtero eraman ohi izan ditu San Cocho zopa, guakamole pixka bat, artozko arepak (opilak) eta patakone frijituak. Bertara hurbiltzen den jendeak oso gustura jan izan ohi du Samuelek prestaturiko kolonbiar janaria. Herritarren artean oso maitatua da Samuel.  

Euskaldunoi buruz ere hitz egin beharra daukat, noski. Euskaldunak garenok, gure artean ere ezberdinak gara, ohitura ezberdinak ditugu, itxuraz ere ezberdinak gara, adibidez, kostaldean bizi garenok hizkera ezberdina dugu barrualdekoekin alderatuta. Euskara oso aberatsa dugu Euskal Herrian. Hitz egiteko modu ezberdinak eta, aldi berean, denak oso politak dira.  

Bestalde, kirol mota ezberdinak ere egiten dira: arrauna, harri jasotzea, aizkora, idi demak, txingak, eskalada, pilota… eta horietako batzuk hemen bakarrik egiten dira.

Bukatzeko, guzti honekin adierazi nahi dudana ondorengoa da: nahiz eta pertsona guztiak izaeraz, ohituraz, itxuraz, pentsamenduz eta bizitzeko moduz ezberdinak izan, denok pertsonak izaten jarraitzen dugu eta elkar errespetatu behar dugu, inor baztertu gabe. Elkarbizitza egoki bat eraman genezake denon partetik gure onena jarrita”.