Barrerik ez!

LH6 – Ipuina – Saritua
Araitz Muñoa Arenas

 

— Amama, amama, kontatuko al zenidake istorio bat? –galdetu zuen Mikelek bere ohetik.
— Bai, noski! –erantzun zion amamak –zeri buruz nahi duzu kontatzea?
— Ba… ez dakit, inoiz kontatu ez didazun bat.
— Ondo da, utzi pentsatzen… Bai, badakit…

“Bazen behin, mundu aldrebes bat, Brira izenekoa. 

Bertan, hemen kandelaren argizariarekin bezala, han barre kopuru bat zuten bizitza osorako. Ez ziren oso jostagarriak, ez baitzuten ez herriko festarik ezta urtebetetzerik ospatzen. Oso bizitza aspergarria zeramaten, kontzertu eta pailazo saiorik gabe. Denak beraien lan eta ikasketetan murgilduta zeuden. Baina ez zekiten beraien bizitza momento horretan aldatuko zenik. Goiz hartan, Izei jaio zen. 

Izei, ez zen besteak bezalakoa, bera alaia zen. Asko gustatzen zitzaion jolastea, eta bereziki, antzerkiak egitea. Antzezlea izango zela esaten zuen handitan eta mundu osoan zehar bidaiatuko zuela bere antzerkiak antzeztuz. Baina, gurasoek erantzuten zioten: ‘Inor ez da zure antzerkiak ikustera joango, inork ez duelako nahi bere barre kopurua bukatzerik’.

Hasieran oso motibatuta zegoen Izei, bere ametsa egia bihurtu nahi zuelako. Pixkanaka, bere ametsak puskatzen zirela sentitzen zuen, egunero entzuten zuelako ‘ez duzu lortuko’. Egun batetik aurrera erabaki zuen besteak bezalakoa izatea, hau da, bere ikasketetan murgildu eta barre gutxirekin bizi. Hasieran kostatu zitzaion besteak bezala portatzea, txisteren bat kontatzen zuen, txorakeriaren bat ateratzen zitzaion… baina denborarekin lortu zuen nahi zuena, ikasi, ikasi eta ez ondo pasa. 

Urtebete iraun zuen, egun batean bere ama etorri eta ahizpa txiki bat edukiko zuela esan zion arte. Barrutik pozez zoratzen zegoen baina zalantzak zeuzkan: nolakoa izango da? Zer izen du? Jatorra izango da? Eta garrantzitsuena… ondo moldatuko gara? Bederatzi hilabete urduri  izan ziren, eguna iritsi zen arte. Jaio zenean, barre algaraka hasi zen Jare (Izeiren ahizpa) eta Izeiri barruan zuen pailazoa atera zitzaion. 

Egunak joan egunak etorri, Izei bera izatera bueltatu zen, bere ahizpa Jareren ondoan. Nahiz eta zazpi urteko aldea zeukaten, denek esaten zuten lagunik onenak ziruditela. Baina Izei konturatzean barre gutxi geratzen zitzaiola, dena aldatu zen. Bakoitzak bere bizitza egin zuen hortik aurrera.

Biak hazten joan ziren, bakoitza bere aldetik. Egun batean, Izeiri unibertsitatera joateko momentua iritsi zitzaion arte. Zalantzak zeuzkan, ez zekien zer ikasi eta bere ahizpari galdetzea bururatu zitzaion. 

— Jare, badakit oso ondo ezagutzen nauzula, zuk zer gomendatuko zenidake ikastea?
— Badakit asko gustatzen zaizula besteei laguntzea, hori kontuan izanda, ez dakit.

Izeik eskerrak eman eta bere logelara joan zen pentsatzera. 

Egunak pasa zituen hor barruan sartuta. Eta bere altxorrak miatzen ari zela argazki bat ikusi zuen: bera eta Jare mozorrotuta eta barrez. Aspaldi zen ez zuela barrerik egiten, eta ideia bat eduki zuen: ganbaratik mozorroak hartu eta ahizparengana joan zen, jantzi orduko biak barrez lehertu ziren. Baina gutxien espero zutena gertatu zen, Izeiri barrea bukatu zitzaion.

Izei barre egiteko gogoarekin geratu zen, eta horrekin batera zientzialaria izatea erabaki zuen. Bazekien gogor lan egin beharko zuela, baina barre egitera bueltatzeko edozer egiteko prest zegoen. Bost urte ikasten eta beste hamar urte bizitza osorako barrea lortzeko ikerketa egin ondoren, lortu zuen. Baita barrearen azken eta betirako saria irabazi ere. Hori adierazteko, jaio zen egunean, abenduak 28, barre inuzentearen eguna da eta iparraldean, berriz, apirilak 1, bere ahizparen omenez. Hala bazan edo ez bazan egin dezagun barre hemen eta han”.

— Beno gustatu al zaizu?
— Bai, asko. Baina orain lotara noa. Gabon!
— Bai, gabon.