Nire abentura naturan

LH5 – Ipuina – Saritua
Nahia Farinango del Rio

 

Egun batean neska jator bat etxean zegoen baina segituan aspertu egin zen eta kalera atera zen. Bere izena Ura zen baina ez zitzaion itsasoa gustatzen, mendiak baizik. Beti egoten zen belarretan etzanda, burua goraka zeruari begira, bere gelako batzuek esaten zioten bere izenak Natura izan behar zuela eta horrela deitzen zioten denek. Astebururo bere familiarekin mendira joaten zen eta zuhaitz artean ibiltzea asko gustatzen zitzaion, oso pozik sentitzen zen eta lasaitasun handia ematen zion naturan egotea bere familiarekin, herriko zaratak alde batera utzita. 

Egun batean, bere ama ospitalera eraman zuten, oso grabe zegoen. Ura negarrez hasi zen baina ama hurbildu egin zitzaion eta zerbait eman zion eskura. Koilare bat zen! 

Urak pentsatzen zuen koilare normal bat zela baina bere amak esan zion ondo zaintzeko, natura bezala zela, natura puskatzen bazuen koilarea ere puskatu egingo zela. Oso polita zen koilarea, urdin kolorekoa, distiratsua, eta forma berezia zeukan. Amari asko gustatzen zitzaion eta orain Urak beti eramango zuela jantzita esan zion.

Hurrengo egunean, jaiki bezain laster, Urak San Anton mendira joatea erabaki zuen, triste xamar zegoen bere ama oraindik ospitalean zegoelako. Iritsi zenean ibiltzeko gogo handirik ez zuen eta etzan egin zen eta hor gelditu zen, earki panxa-panxa!!! Baina bat-batean zerbait arraroa sumatzen hasi zen, dardarka hasi zen lurra, eta bere koilarea gero eta distiratsuagoa ikusten zuen. Ura beldurtuta zegoen eta ez zuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Begiak itxi zituen momentutxo batean eta esnatu zenean lekua desberdin ikusi zuen. 

Dena oso koloretsua zegoen, era guztitako loreak zeuden eta animalia piloa. Tximeletak hegan ikusten ziren alde batetik bestera bere buru gainetik eta zuhaitzak berari begira zeudela ematen zuen. Urak lekua esploratzea erabaki zuen, nahiz eta oso ondo ezagutu San Anton mendia, inoiz ikusi ez zituen leku ikaragarriak topatu zituen bidean. Ezin zuen sinetsi ikusten ari zena, ametsetan zegoela ere pentsatu zuen baina dena egia zen…

Egarria sumatu zuen eta pentsatu bezain laster erreka bat agertu zen bere mutur aurrean. Ura oso garbia zegoen eta bertara gerturatu zen. Edaten ari zen bitartean koloretako arraintxoak ikusi zituen bere hanken inguruan jolasean. Bertan harri bitxi batzuk ere aurkitu zituen. Dena ikaragarri polita zen eta Ura oso pozik sentitzen zen baina bere itzala ikusi zuenean uretan, ikaragarrizko sustoa hartu zuen, ezinezkoa zen gertatzen ari zen guztia, otso baten itxura zuela konturatu zen. Ez zekien zer egin eta bat-batean soinu bat entzun zuen. Orduan Urak atzera begiratu zuen eta beste otso bat ikusi zuen. Asko beldurtu zen eta ez zekien zer egin, korrika hasteko gogoa sartu zitzaion baina hain urduri zegoen ezin zela mugitu ere egin.

Halako batean norbait hitz egiten sumatu zuen eta otsoa zen, harrituta geratu zen; animalien hizkuntza ulertu zezakeen. Otsoak laguntza eskatu zion Urari. Oso triste zegoela azaldu zion bere basoa desagertzen ari zelako. Pertsonek natura gero eta gutxiago zaintzen zutela aipatu zion eta egunero beraien ingurua zakarrez beteta topatzen zutela. Gainera, egunetik egunera zuhaitz gutxiago gelditzen zirela mendian eta, mesedez, laguntzeko eskatu zion. Otsoak esan zion berari jarraitzeko eta kobazulo batera iritsi ziren.

Lekua ikaragarri polita zen, ipurtargi asko zeuden, izarrak zirela ematen zuen. Bat-batean argi distiratsu bat agertu zen kobazulo erdian eta gero eta hurbilago zegoen. Tximeleta erraldoi bat zen, kolore bizi-biziekin; inoiz ikusi zuen animaliarik politena zen. 

Tximeletak Urari esan zion orain arte bere ama izan zela mendiko zaintzailea eta hemendik aurrera bera izango zela. Ahalmen berezia izango zuela animaliekin hitz egiteko baino bere lana natura zaintzea izango zela eta herriko jendeari erakutsi beharko zela. Urak baietz erantzun zuen, tximeletari esan zion beretzako ere mendia oso garrantzitsua zela eta oso ondo zainduko zuela hemendik aurrera. Hitz egiten bukatu bezain laster tximeleta eta animalia guztiak desagertu ziren eta Ura berriro bakarrik zegoen San Anton mendian. 

Berehala herrira jaitsi zen eta herritarrekin taldeak sortu zituen mendiak garbitzeko eta zuhaitz berriak landatzeko. Eskola guztietara joan zen hitzaldiak ematera eta natura zaintzearen garrantzia azaltzera. Ordutik aurrera denak poz-pozik bizi izan ziren eta herriko mendiak inoiz baino politagoak mantendu zituzten.