Orban bat ilunpean

Helduak – Ipuina – Saritua
Ane Azkue Etxeberria

 

Basora begiratu dutenean geldi geratu dira gorputza biratuz eta barrurantz sartuz. Esku bana eman diote elkarri. Babesa sentitu dute eskua helduta dutela jakitean, ezezaguna zaien toki batera sartu direlako, eta are gehiago sartuko direlako, norbaiten gonbita jaso izan balute bezala. 

Hamar minutu besterik ez dira igaro.

Bata korrika atera da basotik lehengo bidera, itxura txarra hartu dio lekuari, besteak beste, inguru iluna eta hezea iruditu zaiolako. Besteak, ordea, ez mugitzea “erabaki” du, zutik, zurrun, espresio gabeko aurpegi zurbila erretratu bilakatuz. Bertan geratu da ezin duelako mugitu. Beldurrezko eszena perfektua dirudi. Alizia basoa tunel baten estalpea dela konturatu da, trenbide zaharkitu batek zeharkatzen zuen arku iluna liluraz apaindua.

Bihozkada bortitz batek geldiarazi du. 

Zuri-beltzean gogoratzen ditu garai bateko trenaren zein trenbidearen istorioak, haren aiton-amonek gurasoei kontatuak, eta azken horiek hurrengoei, domino jolas bat balitz bezala. Aliziak txikitatik izan ditu tren ibilbide hark jasotako kontakizunak gogoan. Gainera, oso garbi gogoratzen du bidaia bateko gertaera bat. Askotan pentsatu izan du berari pasatu izan zitzaiola tragedia hura, detaile askorekin gogoratu izan baitu betidanik. Asko inpaktatu zion entzundakoak. 

Aliziaren aiton-amonak Extremadurakoak ziren eta Euskal Herrira, hain zuzen, Zumarragara etorri ziren lan eta jateko bila 60ko hamarkadan. Bere aitona-amona haien errealitatea beste hainbat eta hainbatena ere bazen, garai batean, euskaldunak Ameriketara joaten ziren bezala. 

Zumarragan tren estazio bat zegoen. Trenbide hura 1926ko otsailaren 22an inauguratu zuten eta ibilbideak Zumarraga eta Zumaia lotzen zituen. Horretarako, tartean, Urola bailara zeharkatzen zuen, hogei zubi eraiki zituzten hogeita hamar kilometro inguruko ibilbidean. Baina ez zituzten zubiak bakarrik eraiki, tunelak ere bai, hain zuzen ere hogeita bederatzi.

Aliziaren aitonak kontatutakoaren arabera, Azpeitiko Lasao auzoan, tunel horietako batean, senar-emaztea, hau da, Aliziaren aitona-amonak Zumaiara omen zihoazen udako igande hartan, lehenengo aldiz, itsasoa ikustera. Bat-batean, tunelean sartzearekin batera, garrasi bat entzun omen zuten, ume baten negar-garrasia haren amarenarekin kateatuta. Dena ilun zegoenez, inork ez zuen ikusi ezer, baina hark zioenaren arabera, desagertu zen ume haren berri ez zuten, inoiz, ezer jakin. Umea nahiko jaio-berria omen zen, eta amaren altzoan zihoan tunelean sartu zirenean. Une hartan, trena geratu eta bidaiari guztiak haur haren bila hasi omen ziren: barruan, kanpoan, tuneleko izkina guztietan, tren azpian… harrigarria eta ulergaitza egin zitzaien gertatutakoa. 

Geroago, bailaran zabaldu zen neska txiki hura norbaitek bahitu ote zuen. Han zeuden guztiek teoriarik sinesgarriena zela zioten, bestela nola ulertu han bizitakoa eta ilunpe hartan ez ikusitakoa?

Alizia, irudi imajinario haren dantza baretu zitzaionean, bere lagunarengana itzuli zen. Uxoa begira-begira geratu zitzaion ondo zegoen galdetuz hitzik gabeko elkarrizketan. Elkar besarkatu eta negarrez hasi ziren. Denbora luzean egon ziren horrela, azkenean, behintzat, Aliziak kontatu egin zion bere erreakzioaren arrazoia. Lagunak adi-adi entzun zion. Itxura zenez, hark ere entzuna zuen istorio hura, baina berari beti iruditu izan zaio txikitan beldurra sartzeko kontatzen zuten ipuin horietako bat zela. Bietako inork ez zekien, zehazki, zein zen tunel hura, baina ados zeuden sentsazio bera sentitu zutela toki hartan, nahigabe baten antzeko sentimendua. 

Oinezko bidearekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. Uxoak ama hartaz galdetu zion; ea zer gertatu zen gero, nongoa zen eta abar luze bat. Itxura zenez, emakumeak hogeita hamar bat urte zituen eta Azpeitian bizi zen zumaiarra zen. Egun hartan gurasoengana omen zihoan bazkaltzera. Ezer gutxi zekien neska hartaz, baina bazekien beste ume bat ere bazuela, mutiko bat, eta ez zuela familia gehiago izan gertatutakoaz geroztik. Baina ama hark beti esaten zuen umea orban batekin jaio zela ezkerreko eskuaren ahurrean, aitaren herentziaz; zerbait esanguratsua eta ikusgarria. 

Hurrengo pausoak isilunean egin zituzten. 

Uxoak, inertziaz, bere ezkerreko eskua biratu zuen begiratzeko. Berak ez, baina bazekien bere amak bazuela orban bat, orban bat ezkerreko esku ahurrean, baina ez haren aitak, hau da, aitonak. 

Azken txanpa, jada, egunerokotasunaz berriketan amaitu zuten atzean utziz Urola trenbidea eta bailarako kondaira zaharrak. 

Etxera itzuli zirenean, bakoitza bere kuriositatea asetu nahian, informazio bila hasi zen. Uxoak amari aipatu zion, eta hark zioenaren arabera, hori asmatutako kontua omen zen, alegia, umeak beldurtzeko sortua. Gurasoek esandakoa helarazten zion hark ere. Uxoak, ordea, istorio haren parte ez zela konbentzitu nahian, amari orbanari buruz galdetu zion. Amak, orduan, zera erantzun zion: 

— Uxoa, nik ere neure buruari askotan galdetu izan diot hori, baina kasualitate bat besterik ez da izango. 

Orduan, Uxoak, mesfidati, galdetu zion ea inoiz pentsatu zuen DNA proba egitea bere “gurasoen” alaba ote zen jakiteko. Asuni ez zitzaion inolaz ere okurritu, inoiz, horrelakorik egitea. Nola jarri zalantzan gurasoen zintzotasuna, maitasuna eta konfiantza? Baina zer pentsatua eman zion. Gau hartan ama-alabek elkarrekin egin zuten lo. 

Biharamunean, Asunek bere aitarekin hitz egin zuen. Aita jada nagusia zen eta zahartzaroko dementziarekin hasita zegoen. Hala eta guztiz ere, denbora pasatzen ezin zuela utzi ohartuta, Uxoaren amak zuzenean galdetzea erabaki zuen, asko iraungo ez zuenaren sentsazioa baitzeukan. 

Aitonak aitortu zion Fraisoroko Sehaska Etxeko tornuan utzia izan zela eta beraiek hartu zutela alabatzat. Orduan, ba omen zen jendea haurrak bahitzera dedikatzen zena diru truk, ordea, haiek ere ez zutela jakin nork bahitua eta eramana izan zen. 

Aitonak garai hartako kontuak ondo gogoratzen zituen. Hala ere, bere buruari, eta, orain, alabari, aitortu behar izan zion bizitza osoko beldurra huraxe izan zela, hain zuzen ere, alabak nonbaitetik susmoren bat izatea eta galdezka hastea. Berak ordurako erabakia hartua zuen, hau da, galdera hura inoiz egiten bazion alabak, egia erantzungo ziola. 

Aita ohean etzanda zegoen bitartean, alaba ohe ertzean zegoen eserita, aitaren ezker eskua estuki helduz bere orbandun eskuaz. Biek begietara begiratu zuten, eta, aldi berean, jakin zuten ia berrogeita hamar urte lehenago, nolabait ere, gertatutako amets gaizto haren parte zirela. Orduan, aitak alabari aholkatu zion herriko parroko ohiarengana joateko eta hari galdetzeko ea informazio gehiago ba ote zuen istorio hari buruz. Berak nahiago izan zuen gehiegi ez jakin, bestela ezin izango zukeen beste egiaren minarekin bizi.

Asunek, ordea, ez zuen bi aldiz pentsatu eta arratsaldean horixe egin zuen, laurogeitaka urte zituen  herriko apaizarengana joan zen ate joka. Minutu luzez itxaron zuen ezkaratzean, baina txintik ere ez zuen entzun. Etxea bera Azpeitiko alde zaharrean zegoen, eta nahiko egoera prekarioan zegoen. Asunek, bere baitan, pentsatu zuen etxebizitza hark baldintzak betetzen ote zituen bertan bizitzeko, hutsik zegoenaren susmoa hartu baitzion. Behin ordu erdia pasata, eskaileretan behera egin zuen. Kalera ateratzeko atea irekitzearekin batera, lehenengo solairutik pipiak jandako egur zaharraren zarata entzun zuen. Buelta erdi eman eta korrika igo zituen jaitsi berri zituen eskailerak. Zimurrez betetako agure bat ikusi zuen atearen ertzean, betaurreko hautsien artetik begira. Asunek bera nor zen esan zion eta hitz egin zezaketen galdetu. Orduan, agureak, atea alderik alde zabaldu zion barrurako gonbita luzatuz. 

Apaizak Asuni esertzeko eskatu zion eta honek obeditu. Sukaldeko aulkian eseri bitartean, apaiza etxeko beste gela batean sartu zen eta kaxa batekin bueltatu zen sukaldera; mahai gainean utzi zuen buruaren mugimenduarekin kaxa irekitzeko aginduz. 

Tapa kendu eta Asunek lehenengo zegoen argazkia hartu zuen esku artean: bere ama zen amonaren altzoan eserita; aitonaren besoek amonaren sorbalda eusten zuten. Orbana ere han zegoen, aitonaren ezker esku ahurrean. Asunek gizon hura ezagutzen zuen galdetu zion parroko ohiari, eta hark eskua erakutsi zion, ezkerrekoa. 

Biak elkarri begira geratu ziren, mutu. Negar malkoak erori ziren Asunen begietatik, baina ez aitonarenetatik. 

Aspaldi utzi zion negar egiteari; hainbeste negar egina zen, begiak lehor zituela.