Duela hilabete batzuk iragarri bezala, Getariak parte hartuko du Euskaraldia ekimenean. Herritarren hizkuntza-ohiturak aldatzea du helburu, 11 eguneko jardunarekin hasita. Horrela, euskaraz dakiten getariarrek hala aritzeko eta ez dakitenek entzuteko prest egoteko konpromisoa hartuko dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, alegia.

Praktika honen nondik norakoak azaltzeko aurkezpen ekitaldia egingo dute ostiralean, ekainak 29, 19:00etan, plazan. Bertan aurkeztuko dute “Hamaikakoa”, dagoeneko Euskaraldiari atxikipena eman dion herritar taldea.