Pasa den ostiralean Bilbon egindako osoko bilkuran Euskaltzaindiak hamabi euskaltzain urgazle berri izendatu zituen, Ipar Euskal Herrikoak, Gipuzkoakoak eta Bizkaikoak, hain zuzen ere. Batzorde eta lantaldeetan aspalditik lanean ari diren izendatu horien artean dago Andres Alberdi Gorostiaga getariarra.

Izendatu ondoren emandako informazioan hauxe dio Euskaltzaindiak Alberdiren ibilbideaz: “2007tik Euskaltzaindiko Zientzia eta Teknika Hiztegian, Corpus batzordean eta Euskara Batuaren Eskuliburuan aritu da. Filosofian lizentziaduna eta Elgoibarko Institutuko euskara-katedraduna izan da. Urte luzez, Elgoibarko Euskara Mintegiko koordinatzaile eta, elkarlanean, Bigarren Hezkuntzako euskara eta literaturako dozenatik gora ikaslibururen egilekide. Hezkuntza Saileko EIMAko estilo-liburuaren koordinatzaile eta egilekide ere izana. Gaur egun, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburua batzordearen koordinatzaile eta erredaktore. Azken idazlanak: Oinarrizko gramatika (2008) eta Ahoskera (2014)”. Horrez gain, Artzapeko kolaboratzaile dugu urte luzez, duela gutxi arte herriko toponimia eta orain bertako hitzak aztertuz.

Euskaltzain urgazle gisa, eskubidea izango du Euskaltzaindiak akademia gaiak aztertzeko egiten dituen bileretarako joan eta haietan hitz egiteko; ez, ordea, botoa emateko. Horretan bidelagun izango ditu atzo izendatutako beste 11 kideak: Irene Arrarats Lizeaga, Xabier Peritz Mendizabal Euzkitze, Josu Pikabea Torrano, Luis Mari Zaldua Etxabe, Jon Aizpurua Espin, Ainhoa Arregi Saratxo, Asier Bidart Meabe, Agurtzane Elordui Urkiza, Gotzon Lobera Revilla, Céline Mounole Hiriart eta Allande Socarros Estekondo.