Real Sociedad de Futbol sozietateko urpeko jardueretako ataleko Borja Inza urperkariak forma hemisferikoa duen zilarrezko lingote bat aurkitu zuen irailean Getariako badiaren hondoan. Hark Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Gordailua, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroari helarazio zion.

Hango ordezkariek jakinarazi dutenez, zortzi kilo ditu lingoteak, eta beste aurkikuntza batzuetan, batez ere XVII. mendekoetan, dokumentatutako tipologia du. Ez du eskubide errealak (zergak) ordaindu ondoren jartzen zitzaien markarik, ondorioz, uste da jatorri amerikarrekoa eta garaiko (XVI. edo XVII. mendeko) kontrabandoaren fruitua dela.

Xabier Alberdi Untzi Museoko historialariak azaldutakoaren arabera, “horrek kontrabandoko zilarrezko lingotea dela frogatzen du. Zilarraren kontrabandoa ohiko praktika izan zen XVI eta XVIII. mendeen artean, eta Ameriketatik iruzur eginez ateratzen zen zilar kantitatea modu legalean ateratzen zena baino askoz handiagoa zela uste da. Getarian lingote hori agertzeak lotura izango du, seguru asko, herri honetako zenbait leinuk zilarraren ekoizpenean eta erauzketan izan zuten esku hartze aktiboarekin. Dokumentazioaren arabera, Ameriketatik zilar sortak bidali zitzaizkien Getariako senideei, legez edo legez kanpo”.

Denis Itxaso Kultura eta Turismo diputatuak azaldu du “aurkikuntza arkeologiko garrantzitsua” dela hau. Horrekin batera, eremua babesteko hainbat neurri hartu dituztela argitu du: lingotea Gordailuan gordetzea, Ertzaintzari gunea zaintzeko eskatzea eta eremu horretan metalak detektatzeko gailuen bidez itsaspeko prospekzio profesionala egitea. Azken horrek ez du emaitzik ekarri eta Eusko Jaurlaritzari eskatu zaio badiako eremu arkeologikoaren babesa.

Aztarnategiaren ezaugarriak

Goizean lingotea aurkezteko egin duten agerraldia aprobetxatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek Getariako eremu horren zenbait ezaugarri azaltzeko. Badian joan zen mendearen laurogeigarren hamarkadaren bukaeran hasi ziren ikerketa arkeologikoak burutzen. Iturritxiki izeneko aztarnategian, adibidez, 1988an dozena bat kobre-lingote aurkitu zituzten itsas azalean. Ondorengo urteetan lingote gehiago, harrizko aingura triangularra eta gerrian metalezko uztaiak zituen ontzi baten masta luzea atera ziren.

Lan horiek Aranzadi Zientzia Elkarteko Ana Benito arkeologoaren zuzendaritzapean egin ziren. Horiek topatuta, 1991n indusketa arkeologiko zabalagoak egitea erabaki zuten eta harrezkero urtero egin ziren ekinaldiak 2001era arte.

Jasotako informaziotik abiatuta, Benitok uste du hiru gune arkeologikotan bana daitekeela Iturritxikiko itsaspeko eremua: batean, XV. eta XVI. mendeen artean hondoa jotako ontzi baten zama agertu zen; beste batean, XVII. mendeko gudu bateko hondakinak; eta azkenekoan, burdinazko piezak garraitzen zituen hondoratutako ontzi baten zama.