Goizean aurkeztu dute Korrikaren 21. edizioa Donostiako San Telmo Museoan. Euskararen alde bi urtetik behin Euskal Herria zeharkatzen duen lasterketa Garesen hasiko da 2019ko apirilaren 4an, eta Gasteizen bukatu apirilaren 14an. Gaurko ekitaldian ez dute, hala ere, ibilbide osoa ezagutarazi.

Mertxe Mujika AEK-ko koordinatzaile nagusiak esan duenez, bi helburu izango ditu Korrikaren edizio berriak: bere euskaltegiak laguntzea eta euskararen aldeko jarrera bultzatzea. Lehenari lotuta, aldarrikatu du euskara ikastea doakoa izan behar dela.

Lasterketak Klika¬†leloarekin egingo ditu ehunka kilometro. Horren esanahia Korrikaren koordinatzaileak, Asier Amondok, azaldu du: “Klika aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea; hautua egitea, euskara ikastea; erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klik egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea, euskaldun guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea… Konpromisoak hartzeko garaia da”.

Azkenik, jakinarazi dute Luis Alvarez Enparantza Txillardegi izango dela omendua, euskara batuaren sorreran izandako parte-hartzeagatik.

 

Argazkia: Argia