Gipuzkoako Futbol Federazioak ehun urte bete ditu aurten eta zenbait ekintzarekin ospatzen ari da: oinarrizko futbolaren inguruko mintzaldiak, medikuntza hitzaldiak, hondartza futboleko txapelketa… Bere baitan biltzen dituen partaide ezberdinak gizarte mailan ikusgarri bihurtzeko ahalegina egin du ekintzokin. Horien guztien amaierako ekitaldia, Keta klubeko ordezkarien kudeaketa tarteko, Getarian izango da bihar.

Bi zatitan banatuko da biharkoa, izan ere, Federazioko ordezkariek lore-eskaintza egingo dute 19:00etan Salbatore Deuna parrokian. Egun horretan hiletarik balego, Pia Piara lekualdatuko lukete lore-eskaintza. Ekitaldi horrekin gogora ekarriko dituzte sorreratik gaur egunera arte federazioko zein Gipuzkoako futboleko kide izan diren pertsonak.

Gero, Cristobal Balenciaga Museoan jarraituko du ospakizunak. Aurreikuspenen arabera, 20:15-20:30ean hasi eta luze joko du 500 gonbidatu izango dituen ekitaldiak. Besteak beste, Realean ibilitako nazioarteko jokalariak, Gipuzkoako futbol klubetako presidenteak, zuzendaritzetako kideak, entrenatzaileak zein lehengo eta oraingo epaileak espero dira.

Hasierako lunchean hiru pintxo ezberdin eskainiko dituzte, Getariako bost jatetxek elkarlanean landutakoak. Hain zuzen ere, Astillero, Elkano, Iribar, Kaia-Kaipe eta Txoko ari dira horretan eta milatik gora pintxo zerbitzatuko dituzte. Orfeón de la Castañak girotuko du tarte hori.

21:00etan afaria izango da, bost plater eta bi postrez osatua. Hauen atzean ere izen handiak daude, izan ere, Michelin izarrak dituzten sukaldariek prestatu dituzte, besteak beste, Juan Mari Arzakek, Andoni Luis Adurizek, Martin Berasategik, Pedro Subijanak eta Hilario Arbelaitzek.

Oparia Getariako Txakolinetik

La Oreja de Van Gogh taldea entzuteko aukera izango da afalostean, eta ekitaldiaren amaieran opariak emango dituzte: txakolin botila bat eta futbolarekin lotutako oroigarri bat. Hain zuzen ere, Getariako Txakolinak botila sorta berezia egin du mendeurrenaren harira, eta ekitaldi ezberdinetan eman dituzte opari gisa.

Mendeurreneko ekitaldiekin hasi aurretik dastatze bat egiteko deia luzatu zitzaien Getariako Txakolina Jatorri Deiturako txakolindegiei. Gipuzkoako Futbol Federazioko ordezkariek egindako hautaketa prozesu ezberdinen ondoren, Gaintza  aukeratu zuten, beraz, berak produzitu ditu botilok; bere etiketa izan beharrean, ordea, Futbol Federazioarena dauka.