Gaur goizean hasi da Madrilen, Espainiako Auzitegi Gorenean, Kataluniako “buruzagi sozial eta politiko subiranisten” kontrako epaiketa. Hori salatu eta auziperatuei elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin dute, ikurrinak zein Kataluniako banderak eskuetan, 50 pertsona baino gehiagok Getariako plazan.

Kontzentrazioaren amaieran, herriko Gure Esku Dagoko kideek hartu dute hitza: “Epaiketa hori denon kontua da. Batetik, prozesu judizial horrek oinarrizko eskubideak urratzen dituelako, eta beraz, denon eskubide zibil eta politikoak jartzen dituelako jokoan. Bestetik, erreferendum demokratiko bat epaitu eta zigortu nahi dutelako. Azken batean, erabakitzeko eskubidearen kontrako epaiketa bat da: herrien autodeterminazio eskubidea ukatu nahi du”.

Une berean beste 60 herritan elkartu direla gogoratu dute, baita Gipuzkoako deialdi nagusia igandean, 12:00etan, Donostiako Katalunia plazan egingo dela ere: “Mobilizazioak bereizgarri bat izango du: kolorea. Horiz, elkartasun kolorez, jantziko ditugu Donostiako kaleak. Aterki horiak izango dira elementu nagusiak, eta eskuragarri egongo dira ibilbidearen hasieran eta amaieran”. Horrez gain, horiz jantzi edo xingola horia eramateko deia egin dute.