Uda aprobetxatu ohi dute gaztetxoek ekintza ezberdinak egin zein hizkuntzak ikasteko. Batzuk atzerrira joaten dira horretarako; krisiaren urte gogorrenak pasata, badirudi indarra hartzen ari dela berriro aukera hau. Gurean geratzen direnek udalekuak izaten dituzte eskura, eta horien artean lekua egin nahian ari dira UEMAko kideak, udalerri euskaldunetako 14 eta 18 urteko gazteentzat Salto topaketak antolatuz.

Atzo egin zuen horien aurkezpena Jokin Urangak gaztelekuan. Azaldu zuenez, aurreko urteetan ez bezala, ibiltariak izango dira aurtengoak eta “bisitatutako herrietako bizilagunekin elkarreragitea bilatuko dute”. Ekainaren 26an abiatuta, hiru etapa antolatu dituzte: lehenengo egunean Usurbildik Oiartzunera joango dira, bigarrengoan Oiartzundik Berara, hirugarrengoan handik Arantzara. Hara heltzean, bi egun igaroko dituzte bertako aterpetxean, eta ekainaren 30ean itzuliko dira etxera. Egun bakoitzerako 3,5 orduko etapak aurreikusi dituzte, “beraz, edonorentzat egingarriak dira”.

Eguneroko ibilaldiaz gain, elkar ezagutu eta gozatzeko aukera izango dute gazteek, jolasak, afariak, kontzertuak eta bestelakoak egingo baitituzte. “Gainera, herrietan egoten da halakoekin bat egiten duen bertako gazte edo talderen bat eta haiekin egoteko aukera izatea aureikusten dugu”.

Bidea ez dute gaztetxoek bakarrik egingo, izan ere, bost begirale inguruk hartuko dute parte. Horrez gain, UEMAk furgoneta jarriko du parte-hartzaileen motxilak eramateko. Horrela bermatuko dute, besteak beste, euria egiten badu, gazteek aldatzeko arropa lehorra izatea eguneko helmugara heltzean.

Izen-ematea

Salto topaketetan izena emateko epea zabalik dago eta martxoaren 31 arte izango da horretarako aukera. Hiru modutara egin daiteke:

  • www.uema.eus webgunean.
  • 943 816 699 telefono zenbakian.
  • hezkuntza@uema.eus helbidera idatzita.

Parte-hartzaile bakoitzak 89 euro ordaindu beharko ditu. 40-50 pertsonentzako lekua dago eta interesdunak gehiago balira, lurraldetasun, genero irizpide eta izen-emate ordena hartuko lirateke kontuan taldea osatzeko.

Informazio osagarria.