Loraldia kultura jaialdia egiten ari dira martxoaren 12az geroztik, Bilbon. Diziplina anitzetako ekitaldien artean, badira Getariarekin lotura duten pare bat: Mundubira: Elkano, Primus antzerkia eta Basotik itsasora ikus-entzunezkoa.

Antzezlana bihar estreinatuko dute Itsasadarra Itsas Museoan. Goizez ikasleentzako emanaldia eskainiko dute eta 19:30ean publiko orokorrarentzat. Iñigo Aranburu, Xabier Ortuzar, Ainara Ortega eta Nerea Alberdi dira antzezleak, eta erakunde zein elkarte ezberdinek hartu dute parte ekoizpenean, tartean Elkano Fundazioa Mundubira 500ek. Bertako proiektuen kudeatzaileak lan honetaz jardun zuen Euskadi Irratian.

Errefuxiatuen bizipenak

Urte hasiera aldera ARTZAPE aldizkarian kontatu genizuen errefuxiatuen inguruko Basotik itsasora dokumentala zuzentzen ari zela Beñat Gereka getariarra, baita crowdfunding kanpaina gauzatuko zutela ere. Bada, heldu da lana jendarteratzeko garaia, eta Loraldia izango da horretarako agertokia.

Apirilaren 6an egingo dute estreinaldia.