Realeko futboleko emakumeen bigarren taldeak Euskal Ligarako igoera lortu zuen pasa den astean. Talde horretako kide da Ane Campos getariarra eta denboraldia nola bizi izan duen kontatu dio ARTZAPEri.

Nola bizi izan duzue igoera?
Urte osoan egon gara memento hori iritsi zain eta azkenean heldu da. Bai partidak bai entrenamendu denak bizitzen ditugu baina partida berezia hori iristen ari zen heinean, nabaritzen zen jendearen aurpegiak, gogoak areagotzen ari zirela.

Gure bi entrenatzaileek aipatu bezala, pertsona gutxik esan dezakete Liga bat irabazi dutela, nahiz eta emaitzak ikusita, egia den “erraza” egin zaigula. Horren atzean, ordea, lan asko dago: lesioak, entrenamendu eta izerdi asko… Azkenean, ilunpean egiten den lanaren saria izaten da dena.

Zein esanahi du zuretzat?
Lehen esan dudan bezala, denok geunden memento hori iristeko gogo handiarekin, eta iritsi da. Klubarentzat eta batez ere guretzat puntazo handia izan da, baina oraindik Liga ez da bukatu eta falta zaizkigun partidetan kontzentratu behar dugu. Gero gerokoak.

 

Taldearen lehen denboraldia da, nola egokitu zarete?
Denboraldi honek, nik uste, elkar ezagutzeko eta taldea egiteko balio izan digula. Oso harreman ona daukagu gure artean, eta entrenatzaileekin ere bai.

Partida desberdinak jokatu ditugu, egoera ezberdinak bizi eta horiei aurre eginez. Baina batez ere asko ikasi eta disfrutatzeko balio izan digu.

Ze aldaketa ekarriko du mailaz igotzeak?
Ohorezko Erregional kategorian hasi ginen eta talde asko Gipuzkoakoak dira. horregatik, bakoitza bere etxetik gertu mugitu da partidak jokatzeko. Hurrengo denboraldian, berriz, igoera lortuta, Euskal Herrian mugituko gara.

Nola sentitu zara zu denboraldi honetan?
Oso gustura nago taldekideekin, baita entrenatzaileekin ere. Entrenamendu eta partida denak aprobetxatzen saiatzen naiz baina beti egoten dira memento ez hain onak, adibidez, lesioak edukotzen dituzunean edo partidak harmailetatik ikusi behar dituzunean. Hala ere, konfiantza asko dut nigan, pozik nago egindako lanarekin eta igoera lortu dugu. Hala ere, denboraldia ez da bukatu eta falta diren partidatan zentratu behar dugu -apirilaren 14ko asteburuan Urolaren eta maiatzaren 5ekoan Eibarren aurka-, lan asko egin eta txapelketa hasi genuen bezala bukatu.