Ohi duten moduan, Korrika heldu aurretik, Korrika Txikia egingo dute Iturzaeta Herri Eskolako ume zein helduek. 10:45ean abiatuko dira eskolatik, hirugarren zikloko ikasleek lekukoa esku artean dutela. Ibilbidean zehar batuko zaizkie beste ikasleak.

Honakoa izango da egingo duten ibilbidea: eskola, Erruera, Herrerieta, Elkano, Katrapona, Kale Nagusia eta plaza. Amaieran lekukoan dagoen mezua irakurri, bertsoak abestu eta Korrikako dantza egingo dute.

Umeak non jaso

Korrika handia antzeko orduan pasako denez herritik, familiek 12:00etan Berdura plazan jaso ditzakete umeak (aurrez horretarako baimena dutenek). Gainerako haurrak Piraten parkera joango dira eta 12:30ean jaso ditzakete senideek. Eskolakoek oharrarazi dute Haur Hezkuntzako bigarren mailakoak 12:25ean jaso behar direla.

Korrika

Azpeitian dabil une honetan Korrika eta kostako bidetik, 12:27an aurreikusten da Getarian. Herriko hainbat taldek eramango dute lekukoa, eta Artzape Euskara Elkartearena Naroa Manterola eta Izaro Kamiok eramango dute.