Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak iragarri duenez, udazkenean hasiko da 2019ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Lehenago, Gipuzkoa Bertsotan egingo dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, “sailkapen fase bat baino gehiago da, Gipuzkoan bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla da, besteak beste, bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketa eta sariketetan bizi dugun emankortasunaren erakuslea”.

Maiatzaren 4tik 25era jokatuko dute sailkapen fasea lurraldeko 84 bertsolarik. Horietako bi dira getariarrak: Libe Goenaga eta Danel Olano. Bertsolari guztiak bi multzotan banatuko dituzte, eta hauetako bakoitzean zazpi saio jokatuko dira. Multzo bakoitzean puntu gehien lortzen dituzten 17 bertsolariak sailkatuko dira Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako.

Getariarrak Berastegin

Bertsolari bakoitzak zein saiotan abestuko duen zehaztuta dago jada. Zoriak hala nahi izan duenez, bi getariarrak saio berean ariko dira: maiatzaren 11n, Berastegin. Haritz Mujika, Aratz Igartzabal, Mikel Tapia eta Lierni Rekondo izango dituzte kantukide, eta Aitor Alkorta gai-jartzaile.

Bertsolarien artean ez ezik, gai-jartzailenean ere izango da Getariako ordezkaririk. Izan ere, sailkapen fasean ariko dira Uxune Areizaga eta Ane Ezenarro. Lehenak maiatzaren 5eko saioan, Orion, jarriko ditu gaiak eta bigarrenak, aldiz, maiatzaren 12koan, Lezon.

Jakinarazi dutenez, sarrerak saioaren egun berean jarriko dituzte salgai aretoan bertan. Leihatila 16:00etan irekiko dutela iragarri dute. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko bazkideek, eta 6 eta 16 urte artekoek 5 euro ordaindu beharko dituzte; gainerakoek, 7 euro.

Ganbara berotzen

Sailkapen fase honetarako burua, ideiak eta errimak Ganbara berotzen saio sorta egiten ari dira eskualdeko bertsolari gazteak. Bi egin dituzte dagoeneko, Zarautzen eta Aizarnazabalen (Libe Goenagak abestu zuen), eta beste bi geratzen dira, horietako bat Getarian. Maiatzaren 3an egitea aurreikusten da eta bertan abestuko du, besteak beste, Danel Olanok.