Azken bi asteetan hainbat herri eta hiritan egindako emanaldien ondoren, atzo bota zuten Basotik itsasora dokumentala Getarian. Herritar ugari erakarri zituen, eta lanaren gaiak horretarako arrazoirik ematen ez badu ere, aho zapore onarekin irten ziren Iturzaeta Herri Eskolako aretotik.

Hotz Zarautz elkarteak bultzatu du Beñat Gereka getariarrak zuzendutako lan hau. Gurera, berriz, Elan Euskadi elkartearen bitartez heldu zen atzo.

Gereka bera atzoko emanaldian izan zen, eta ikus-entzuleen galderei erantzunez jakinarazi zuen bezala, Dantzaz konpainiaren bitartez heldu zitzaion eskaintza. Lehen lan luzea du eta pozik dago emaitzarekin, “gainera, jendeak polita dela esan digu”. Aurrera begira beste emanaldi batzuk egingo dituztela ere iragarri zuen, besteak beste, Maulen.