Getariako EH Bilduk ostiralean aurkeztu zuen herri programa maiatzaren 26ko hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi nagusian. Bertan hitz egin zuten Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko diputatuak, Nika Lertxundi Getariako egungo alkateak, Isaac Ostolaza1979tik 1983ra herriko alkate izandakoak eta Haritz Alberdi EH Bilduren alkategaiak.

Bizpahiru musikari zuzenean jotzen ari zirela igo ziren oholtzara EH Bilduko zerrendako kideak eta Mertxe Aizpurua diputatua. Usurbildarrak hartu zuen hitza, beraiena “herritik jaiotako alderdia, pertsonez osatutakoa” dela aldarrikatuz. Gaineratu zuen udaletxetan zein Aldundian egon direnean, “EH Bilduk frogatu du gauzak ondo egiten dakiela, konpromiso sendoarekin”. Hauteskundeei begira, igandean indar guztiak batu eta EH Bildu bozkatzeko eskatu zuen, “eskubidearen, askatasunaren eta etorkizuneko demokraziaren alde herri bezala lan egiteko”.


Ondoren, Nika Lertxundiren txanda izan zen eta eskerrak eman zizkien berarekin zortzi urte hauetan zinegotzi egon direnei. Isaac Ostolazak, berriz, orain dela 40 urteko eta gaur egungoa alderatuta, udaletxeak bizi izan dituen “aldaketak” ekarri zituen gogora. Azaldu zuenez, bere garaian udaletxera heldu zirenean “gauza asko zegoen egiteko. Pentsa! Ez zegoen semaforo bat bera ere Getarian, ez arkitektorik…”. Ordutik Getaria asko aldatu dela adierazi zuen eta “oso lan ona egin da zortzi urte hauetan”.

Amaitzeko, Haritz Alberdi igo zen oholtzara eta “altxorrik handiena atzean dugun taldea da” azpimarratu zuen behin eta berriro, zerrendakideei erreferentzia eginez. EH Bilduren alkategaiak bideoz aurkeztu zituen datozen lau urteetan egin nahi dituen proposamenen ardatzak.

https://www.facebook.com/getariakoehbildu/videos/802948770090641/

 

Ondoren, Loretxoa kantatu zuten bertaratutako guztiek eta Jone Alberdi zarauztarrak ekitaldia irauten zuen bitartean margotutako murala aurkeztu zuen. Mokadutxo batekin eman zioten amaiera ekitaldiari.

 

Hemen duzue ekitaldiaren bideo osoa:

 

https://www.facebook.com/getariakoehbildu/videos/1827521820681072/