Ikasturte amaierako ekitaldia ospatuko dute ekainaren 14an Iturzaeta Herri Eskolan. Haurren emanaldien ondoren, merienda, jolasak eta apar festa izango dira.

Azken urteetan bezala, eguna ez da haurrentzat soilik izango, gauean familia guztientzako afaria antolatu baitute. Pasa den astean hasi ziren txartelak saltzen; gaur eta bihar, ekainak 3 eta 4, izango dira horretarako azken aukerak. Zanbuka Guraso Elkarteko kideak 15:45etik aurrera egongo dira eskolako sarreran.

Helduentzako entsalada mixta, txerri kostilla eta oilaskoa, pasteltxoak eta kafea prestatuko dituzte. Horrekin batera, ura, ardoa eta txotxeko sagardoa edan ahal izango dute. Menua 15 euro kostako da Zanbukako kideentzat; 22 euro, bazkide ez direnentzat.

Haurrek kroketak, hanburgesa eta oilaskoa, eta izozkia jango dute. Edateko, aldiz, ura eta freskagarria egongo da. Zanbukako bazkideen seme-alabek 11 euro ordainduko dute txartela, gainerakoek 15 euro.

Afariaren ondoren, musika jarriko du DJ Gaizkak.