Hamar urte igaro dira Urola Kostan Mintzalagun egitasmoa lehen aldiz antolatu zutenetik. Horregatik, aurtengo ikasturte amaierako ekitaldia berezia izango da, “xumea bezain hunkigarria” antolatzaileek azaldu dutenez. Izan ere, hamar urteotako ekintzetako argazkiak erakutsiko dituzte; gainera, parte-hartzaileei sariak banatuko dizkiete. Bukatzeko, mokadua eskainiko dute.

Bihar, ekainak 20, izango da ekitaldia, 19:00etatik aurrera, Zarauzko Modelo aretoan.

Antolatzaileek hamar urteotan “modu batean edo bestean” Mintzalagunen parte hartu duten oro gonbidatu dute, bidelariak, bidelagunak eta antolatzaileak. Edozein herritar ere bertara daitekeela jakinarazi dute.

Mintzalagun programa

Programak euskaraz dakiten pertsonak (bidelagunak, euskaldun zaharrak) euskara ikasten ari direnekin (bidelariekin, euskaldun berriekin) elkartzen ditu, astean ordubetez, euskaraz hitz egin dezaten. Horrekin lortzen da bidelariek euskaraz hitz egiteko aukera izatea, bertako hizkera ezagutu eta ikasiz, eta bidelagunek euskaldun berriei lagundu eta bertako hizkera erakustea.