Begi ugari Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenari adi dauden garaiotan, ikuspegi kritikoz jokatzeko eskatzen dute gero eta ahots gehiagok. Horren erakusgarri, Euskal Herriko zenbait eragile eta herritarrek sortutako Elkanori Bira herri ekimena. Helburu jakin batekin eratu dute: “Elkanoren eta historia eurozentristaren inguruan hausnarketa bultzatzeko eta orain arte historiak isilarazitakoak lehen lerrora ekartzeko”. Zentzu horretan “emakumeak, jatorrizko herriak eta inperialismoaren kalte zuzenak sufritu eta sufritzen dituztenak” aipatu dituzte.

Elkanori Bira mugimenduak manifestua argitaratu du, Bazterketarik gabeko historia, kultura eta etorkizunaren alde izenburupean. Bertan nabarmendu duenez, “gaur egungo interes politiko eta ekonomikoen arabera moldatu nahi dute historia. Horretarako dirutza publikoa inbertitu dute kontakizun ofiziala indartzeko, hainbat kultur adierazpenen bitartez: zinema, musika, telebista, antzerkia, kongresua, kirola…”.

Getariarrari emandako trataerak herritarrengan izan dezakeen ondorioan sakondu du: “Juan Sebastian Elkano heroi gisa aurkezteak eta saltzeak, boterearekiko eta interes politikoekiko loturetatik aparte, gure historiaren jabe ez izatera zigortzen ditu herritarrak. Gure burua ispilu aurrean paratuz, zer izan nahi dugun eta gainerako gizakiekin nolako harremana izan nahi dugun hausnartzea hobesten dugu”.

Arlo ezberdinetako ehun pertsonek sinatu dute dagoeneko manifestua, “marketing kanpainak” eta ikusgarritasun handiko ekitaldiez gaindi, hausnarketa kritiko eta publikorako deia eginez. Besteak beste, historia eztabaidarako eta jakintzarako tresna izatea aldarrikatzen dute; balentria handien kontakizunak gogoratzeko beharrean, orainaren gakoak argitzeko izan dadila. Izan ere, beraien iritziz, “irabazleek idatzitako historia gaur modu akritikoan aldarrikatzeak iraganeko akatsak errepikatzera garamatza. Guk, ordea, bestelako etorkizun bati ireki nahi dizkiogu ateak: zapaltzailerik eta zapaldurik gabekoa”.

Sinatzaileen artean daude Uxue Alberdi bertsolaria, Eñaut Elorrieta eta Patxi Saiz musikariak, Getariako Eskubide Sozialen Karta eta Getariako Gazte Asanblada.

Elkanoren Zeruertzan parte ez hartzeko deia EHUri

Asteburuan egin asmo duten Elkanoren Zeruertza egitasmoak hautsak harrotu ditu, bai herrian bai Getariatik kanpo ere. Espainiako itsas armadaren Juan Sebastian Elcano itsasontziaz gain, beste hainbat izango dira portuan, tartean Euskal Herriko Unibertsitatearen El Saltillo ontzia.

Omenaldian parte ez hartzeko eskaria egin diote EHUri LAB, Steilas eta ELA sindikatuetako unibertsitate ordezkariek, Ikasle Abertzaleak, Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteak, Ernai gazte erakundeak eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak. Pasa den astean gauza bera eskatu zuten 140 irakasle baino gehiagok.