Salbatore Jaien baitan, abuztuaren 10eko Kuadrillen Egunean egingo dute XXIII. Marmitako Lehiaketa. Bertan parte hartu ahal izateko izen-ematea bihar, uztailak 17, zabalduko dute eta interesatuek astebeteren buruan apuntatu beharko dute, hau da, uztailaren 24a baino lehen.

Parte-hartzaileek bikoteka eman beharko dute izena eta bietako batek, gutxienez, getariarra behar du izan. Horietako bakoitzak lanerako tresnak eraman beharko ditu; antolatzaileek, berriz, osagaiak, sua eta lapikoa jarriko dute. Jakinarazi dutenez, banatutako osagaiak bakarrik erabili ahal izango dira.

Guztira, 38 bikote lehiatuko dira, eta izen emandakoak gehiago balira, zozketa egingo litzateke uztailaren 26an. Iazko saridunak txapelketan onartuak izango dira, zozketarik gabe, beti ere bikote bera bada. Era berean, iaz zozketatik kanpo geratu zirenak zuzenean sartuko dira aurten.

Lekua zozketaz

Abuztuaren 10ean, lehiaketa 10:00etan hasiko bada ere, parte-hartzaileek 09:15ean egon beharko dute plazan, orduan zozkatuko baitira lekua eta hegaluzea hartzeko ordena. Txapelketa hasita, bikote baikotzak 20 lagunentzako marmitakoa prestatu beharko du. Amaitzeko, 13:00etan itzaliko dira su guztiak.

Ordu laurden beranduago epaimahaia osatu eta irabazleak aukeratuko dituzte. Lehen bikoteak 300 euro jasoko ditu, bigarrenak 180 euro eta hirugarrenak 120 euro.

Bazkaritarako txartelak

Txapelketaren ondoren marmitakoak jateko aukera egongo da, 600 pertsonentzako bazkaria egingo baitute. Postrea, sagardoa eta kafea antolatzaileek jarriko dituzte.

Bazkaritarako txartelak uztailaren 29an, 30ean eta 31n, eta abuztuaren 1ean eta 2an jarriko dituzte salgai.