Aste honetan aurkeztu dute irailaren 14tik abenduaren 14ra jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Horren baitan 16 saio egingo dituzte probintziako hainbat herritan (behean duzue zerrenda). Final handia, berriz, Donostia Arenan izango da.

Guztira 48 bertsolarik hartuko dute parte, maiatzean jokatutako Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasetik datozen 34k eta duela bi urteko txapelketan oraingorako txartela lortu zuten 14k. Bi getariarrek abestu zuten sailkapen fasean, Libe Goenaga eta Danel Olanok, baina ez zuten helburua lortu.

Dena den, Getaria ordezkatuta egongo da txapelketan, izan ere, gai-jartzaileen taldeko 15 izenen zerrendan ageri dira Ane Ezenarro eta Uxune Areizaga. Lehena, irailaren 29an, Elgoibarko saioan, ariko da gai-jartzaile; Areizagak, oraingoz, ez du jendaurreko saiorik.

Egutegia

Herriz herri ibiliko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, egutegi honekin:

Final-zortzirenak:

  • Oñatin, irailaren 14ean: Felix Zubia, Aratz Igartzabal, Haritz Mujika, Andoni Mujika, Amaia Iturriotz, Maider Arregi. Iban Narbaiza gai-jartzaile.
  • Amasa-Villabonan, irailaren 15ean: Beñat Iguaran, Oier Etxeberria, Iban Urdangarin, Iñigo Mantzizidor, Odei Lopez, Maialen Akizu. Eresti Oiarbide gai-jartzaile.
  • Ordizian, irailaren 21ean: Beñat Lizaso, Ainhoa Agirreazaldegi, Manex Mujika, Ane Zuazubiskar, Aitor Urbieta eta Asier Azpiroz. Maddi Labaka gai-jartzaile.
  • Zumaian, irailaren 22an: Ander Lizarralde, Gorka Maiz, Beñat Jauregi, Jokin Bergara, Unai Muñoa eta Iñigo Gorostarzu. Saroi Jauregi gai-jartzaile.
  • Zumarraga-Urretxun, irailaren 28an: Nerea Elustondo, Eli Pagola, Mikel Tapia, Iñigo Izagirre, Unai Mendizabal eta Iker Ormazabal. Iker Iriarte gai-jartzaile.
  • Elgoibarren, irailaren 29an: Iñaki Gurrutxaga, Unai Gaztelumendi, Endika Igartzabal, Jokin Uranga, Ane Labaka eta Eñaut Martikorena. Ane Ezenarro gai-jartzaile.
  • Lasarte-Orian, urriaren 5ean: Mikel Artola, Iñaki Zelaia, Eneko Araiztegi, Aitor Salegi, Oier Aizpurua eta Unai Izagirre. Imanol Artola gai-jartzaile.

Final-laurdenak: 

  •  Andoainen, urriaren 19an: Iñaki Apalategi sartuko da lehian.
  • Irunen, urriaren 20an: Agin Laburu sartuko da lehian.
  • Eibarren, urriaren 26an: Jon Maia sartuko da lehian.
  • Azpeitian, urriaren 27an: Alaia Martin eta Oihana Iguaran sartuko dira lehian.
  • Azkoitian, azaroaren 2an: Beñat Gaztelumendi sartuko da lehian.

Finalaurrekoak:

Arrasaten azaroaren 17an, Oiartzunen azaroaren 24ean eta Tolosan abenduaren 1ean jokatuko dira.

Sarrerak, irailetik aurrera

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, saio guztietarako sarrerak irailaren 2an jarriko dira salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Aretoetan bertan ere egongo dira saioetako egunetan, finaleko sarrerekin batera.

Final-zortzirenetako sarrerak 10 euro kostako dira (7 euro bazkideentzat eta 5 gazteentzat), final-laurdenetakoak 12 euro (9 bazkideek eta 5 gazteek), finalaurrekoetakoak 13 euro (11 bazkideek eta 7 gazteek) eta finalekoak 24 euro (18 bazkideek eta 12 gazteek). Gainera, bonoak erosi ahal izango dira 80 eurotan.