Azken urteetan sarri itxi behar izan da Zumaia eta Zarautz arteko errepidea, dela itsasaldiengatik dela zenbait kirol probengatik. Horrek eragin zuzena du Getarian, Meagako bidea bihurtuz egunerokotasunerako aterabide autoentzat zein autobus zerbitzuarentzat. Auzoaren egituragatik, ordea, gaur egun ez da segurua autobusak bertan gelditzea, ondorioz, getariarrek ondoko herrietaraino joan behar izaten dute autobusez aldatzeko.

Egoeraren jakitun, Getariako Udalaren azken urteetako asmo nagusietako bat izan da Meaga Gainean biribilgune bat egin eta autobusarentzako geralekua jartzea. 2017ko ekainetik du proiektua mahai gainean Gipuzkoako Foru Aldundiak; Diputatuen Kontseiluak aste honetan onartu du egitasmoa. Eider Mendoza foru bozeramaileak adierazi duenez, “oso errepide garrantzitsua da, hori hartzen dutelako kostako trafikoek Zumaia eta Zarautz arteko kostako errepidea itsasoaren egoeragatik ixten denean”.

Biribilguneak 35 metroko kanpo diametroa izango du, zazpi metroko galtzadarekin, 20 metroko diametrodun barne irlarekin eta 2,4 metroko diametrodun koroa zapalgarriarekin. Azpiegitura hori ez ezik, Udalaren nahia errealitate bihurtu eta hiru autobus geltoki egingo dituzte. Batetik bestera pasa ahal izateko, berriz, oinezkoentzako bidegurutzea jarriko dute, “argiztatua eta semaforoduna”.

Guzti horrekin, azpiegiturak hobetzeaz gain, Meaga Gainean autoen abiadura murriztea lortu nahi dute.

Bost hilabeteko exekuzioa

Lanak bost hilabetetan egitea aurreikusten dute, eta Diputatuen Kontseiluaren erabakiarekin “abian jartzen da obra egin ahal izateko beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze prozesua. Lanak, beraz, izapide horiek burutzean hasiko dira”.

Guztira, 587.660 euroko inbertsioa izango du obrak.