Herriko zenbait norbanako eta gizarte zein kultur eragile, Haritz Alberdi Getariako alkatea eta Ion Irurzun Elkano 500 Fundazioko zuzendaria prentsaren aurrean agertu dira gaur goizean Elkanoren Itsasoratzea egitasmoaren berri emateko. Iragarri dutenez, irailaren 14ean eta 15ean egingo dute “jaialdi kultural eta parte-hartzailea”.

Larunbat goizean hasita, adin ezberdinetako pertsonentzako ekitaldiak egongo dira: jolasak, tailerrak eta musika haur eta gazteentzat, arroza eta espeziak oinarri izango dituen sukaldaritza lehiaketa zein herri bazkaria, mundubirako herrialdeetara eramango gaituen erakusleiho lehiaketa eta itsasoratze sinboliko bat.

Egitasmo honen bidez lehen mundubira bilakatuko zen espedizio hura gogoratu nahi da, 1519ko irailaren 20an, duela 500 urte beraz, Sanlucar de Barramedan itsasoratu zena. Hiru urte beranduago itzuli ziren Juan Sebastian Elkano eta beste 17 tripulatzaile. Horrela, azaldu dute espedizioarekin harremana izan zuten herrietako ontziak itsasoratzean egotea nahiko luketeela, adibidez, Ondarroakoak, Lekeitiokoak eta Bermeokoak.

Era berean, Maialen Gereka Getabat elkarteko ordezkariak argitu du “historian zehar itsasora joan diren milaka euskaldunak ere” gogoratu nahi dituztela.

Dibulgazio astea

Asteburua baino lehen, dibulgazio astea antolatuko dute irailerako, “Elkano 500 Fundazioaren irizpideekin bat eginez”. Horrela, ikuspegi historikoa eta zientifikoa landuko dituzten hitzaldiak egongo dira, mundubirari alde ezberdinetatik begiratzeko. Filosofian, antropologian, astronomian, medikuntzan edota gastronomian adituak diren pertsonek hartuko dute parte.

Bestalde, Aranzadik behaketa astronomikoa egingo du San Anton mendian. “Izarrei begira nabigatzen zuten XVI. mendeko itsasgizonek eta GPSaren garaian, hark eskatzen zuen zientzia jakinduriatik zipriztin bat bada ere ikasteko aukera izango dugu”, adierazi dute antolatzaileek.

Mundubiraren uberaren hasiera

Elkanoren Itsasoratzea “2022 artean, jarraipena izango duen ekimen zabalago baten lehen ekintza izango da”. Mundubiraren ubera lelopean gauzatuko da ekitaldi sorta hori, eta Elkanoren irudian zentratu baino mundubirak utzitako arrastoari jarraitzea dute helburu. Alberdik adierazi duenez, “mundubira jakin-minez begiratu nahi dugu. Iraganarekin ados edo kontra egon gaitezke, eroso edo deseroso senti gaitezke, baina hortik harago, iraganaz hausnartzeko aukera emango digun begirada irekia izan behar dugu oraina ulertzeko abiapuntu bezala”.

Zentzu horretan, Irurzunek gaineratu du, mundubira bezala, Elkanoren Itsasoratzearen antolaketa “egitasmo kolektiboa” izan dela: “Getariako bizilagunek nahi dutenari erantzuten dion egitaraua sortu dugu, haiek izan baitira proposamenak egin dituztenak, edukiak onartu eta antolaketaz arduratzen ari direnak”. Argitu du Fundazioaren lana izan dela jarduerak mundubira eta Elkanoren garaiko testuinguru historikoaren ezagutza zabaltzeko baliagarriak izateaz arduratzea.