Aurtengo arraun denboraldian Getariako emakume ugari aritu dira lehian. ARTZAPEk, Kontxako Bandera eta denboraldi amaierako play offa aitzakia hartuta, horietako birekin hitz egin du, Maialen Aizpuru eta Uxoa Irigoienekin.

Maialen Aizpuru: “Estropada batzuetan agonia-edo izaten da, baina oraingo honetan ez, lehenengo momentutik asko disfrutatu genuen”

Orio Babyauto taldearekin, arrauneko maila gorenean, Euskotren Ligan, aritu da. Hori gutxi balitz, Ligako eta Kontxako Banderako garaile izan da. Getariar baten ahotsetik entzun nahi izan dugu nolakoa izan den denboraldi osoan zehar, eta zehazki, Kontxako Banderan bizitakoa.

Orioko taldea. /Argazkia: Karkara.

Zer sentitzen da Kontxako Bandera jokatu, eta gainera, irabazita?
Nik uste arraunlari guztiok nahi dugun bandera dela, eta ez dakit nola azaldu. Orion ere jende askok galdetzen zigun gauza bera, baina nik ez dakit nola deskribatu sentitzen nuena. Ikaragarria da, arraunlari batentzat, lortu daitekeen handiena.

Estropadan nola egin zenuten arraun?
Oso-oso ondo. Nik uste denboraldiko estropada onenetariko bat izan zela. Ni oso urduri nengoen, edozein estropadatan baino gehiago. Bospasei segundo aurretik geunden, baina hala ere, edozer gerta zitekeen. Kontxan gauza asko ikusi izan dira eta ezin zara fidatu.

Hasieratik, ordea, gauzak oso ondo atera zitzaizkigun eta denok disfrutatu genuen. Traineru barruan joan ginen taldekide guztiek esaten genuen gauza bera. Estropada batzuetan agonia-edo izaten da, baina oraingo honetan ez, lehenengo momentutik asko disfrutatu genuen.

Nola ospatu zenuten garaipena?
Urtero bezala, arraun elkartekoekin egin genuen bazkaria eta ondoren, Orion, ongi etorria egin ziguten. Kamioi bat prestatu zuten, goiko aldea zabalik zuena, eta herrira bertan sartu ginen. Gainera, jendetza zegoen, plaza bete-betea. Herrira iristen ari ginen bezala, jende pila bat ikusten zen horiz jantzita. Izan ere, Orion asko bizitzen dute arrauna.

Kontxako Bandera irabazten duzun lehenengo aldia al da?
Bai, bai. Aukerak izan ditugu, baina irabazi inoiz ez. Getaria-Tolosan nenbilenean ez zen posible izan, baina oso ondo ibiltzen ginen eta irabazteko aukerak bagenituen. Aurreko urtean ere bigarren geratu ginen, baina irabaztea zaila zen, San Juan oso ondo ibiltzen baitzen. Baina bai, irabazteko aukera guztiak aurten eduki ditugu, eta aldi berean, galtzeko guztia ere guk geneukan.

Denboraldia, orokorki, nola baloratuko zenuke?
Perfektua. Ia estropada guztiak irabazi ditugu, bigarren estropada, Lekeitiokoa, izan ezik. Hobetzea bazegoen, bai, estropada guztiak irabazita… baina oso-oso gustura gaude egindako guztiarekin eta ez genuke ezer aldatuko.

Uxoa Irigoien: “Taldeko kirola probatzeko gogoa nuen eta niretzat gozamena izan da”

ETE Ligan lehiatu da Zumaiako Telmo Deunekin. Azken urteetan, korrikako lasterketetan aritu da buru belarri, oso emaitza onak lortuz. Aurten, ordea, aldaketa handi bat egin eta arraun munduan murgildu da. Irigoienek Kontxako Banderan jokatzeko aukera izan du, eta berarengana jo dugu esperientzia berri honen inguruko azalpen gehiagoren bila.

Kontxako estropada nola bizi izan duzu?
Ikaragarria izan da. Sailkapeneko estropadarako prestatu ginen, izan ere, denboraldiko helburuetako bat Kontxako estropadan sartzea zen. Lehenengoa play offetarako sailkatzea zen, eta ondoren, Kontxan egotea.

Ostegun hartan bizi izan genuena emozio izugarria izan zen. Arrapalara atera eta hainbeste jende zegoela ikusita tentsioa, eta aldi berean, oilo ipurdia jartzen zen. Ondoren, oso estropada ona egin genuen eta horrek asko motibatu gintuen. Hurrengo bi igandeetako estropadetan, ordea, ez gara oso ondo aritu, ez zaizkigu gauzak hain ondo atera.

Play offetara sartzea lortu duzue, eta orain, zer aurreikusten duzue astebururako?
Estropada zailak izango direla badakigu. Denboraldi osoan Hibaikarekin borrokan ibili gara. Hondarribia ere, nahiz eta Euskotren Ligan azkena ibili, badaki arraun ondo egiten. Arerio gogorrak ditugu, baina gu ere gogotsu gaude, esperantza badugu eta, azken finean, edozer gerta liteke. Batez ere Bermeon, play offetako lehenengo estropadan, ahalik eta emaitza onena lortzen saiatuko gara. Igandeko Portugaleteko estropadan gehiago gozatu ahal izateko abantaila eskuratzen badugu, askoz hobe.

Noiztik zenuten play offetan sartzeko helburua? Noiztik ari zarete horretarako prestatzen?
Hasieran, taldea guztiz berria zen eta ez genekin ligan nola ibiliko ginen. Aurredenboraldian oso emaitza politak lortzen ari ginen; gero, liga hasi zenean, ia beti bigarren, eta azkenean, bost bandera inguru eskuratu ditugu. Gauzak horrela, play offetarako sailkatzea helburu jarri genuen. Azkenean, bigarren postuan amaitu genuen liga, eta orain, ahal bada, play offetan Euskotren Ligara salto egitea da helburua. Nahiz jakin liga horretan maila altua dagoela, guk gora igotzeko ilusioa dugu.

Denboraldiaren zein balantze egingo zenuke?
Oso ona eta positiboa. Zumaia hiru urte lehorrean egon ondoren, aurten, berriro ere, arraunean hasi da. Horrek esan nahi du, taldea osoki berria zela; batzuk jubenilak, ni bezalako bi hasiberri, zerotik hasi behar izan dugunak, eta urte batzuen ondoren arraunera itzuli direnak.

Guk inondik inora ez genuen emaitza hauek lortzerik espero. Denboraldia hasi eta ondo gindoazela ikusita, gero eta helburu handiagoak jarri ditugu. Taldean giro paregabea izan dugu, entrenatzailearekin ere oso ondo moldatu gara, eta kluba ere oso ondo portatu da. Guretzat denboraldia ikaragarria izan da, eta play offetan gora igota borobilduko bagenu, izugarria izango litzateke.

Arlo pertsonalean, nola baloratuko zenuke denboraldia?
Ni banakako kirol batetik nator, taldeko kirola probatzeko gogoa nuen eta niretzat gozamena izan da. Taldean zaudenean lagunak dituzu alboan, gauza asko partekatzen dituzue, nahiz eta tarteka haserretu. Adiskideekin giro horretan ibiltzea izugarria da.

Hasieran, ezer ez nekienez, teknika ikastea asko kostatu zitzaidan. Momentu txarrak ere izan nituen; honetarako balio ez nuela edota ezin nuela pentsatzen nuenean, esaterako. Baina oso burugogorra naiz, eta aurrera egin behar nuela eta egin nezakeela sinetsi nuen. Hori dela eta, nire gaitasunekin ere sorpresa hartu dut. Oraindik asko daukat ikasteko eta hobetzeko, baina oso gustura nago. Gainera, nik hasieran ordezko bezala arituko nintzela uste nuen, baina ez, estropadak jokatu ditut.

Datorren urteari begira zein da zure plana?
Oraingoz, arraunean jarraitzea. Behin teknika ikasita, askoz ere erosoago ibiliko naizela uste dut. Arraunean badakit eta orain helburua hobetzea izango da. Gainera, asko gustatu zait kirola, asko eskatzen du, ordu asko, baina eman ere bai.

Eta, Zumaian jarraitzeko asmoa duzu?
Bai, bai. Niri bertan eman didate kirol hau ikasteko aukera. Pazientziaz hartu eta arraunaz ezer ez genekienoi denbora asko eskaini digute. Bestalde, entrenatzaileak, denboraldiko estropadatan, konfiantza jarri nigan eta traineruan sartu nau. Nik hori asko eskertzen diot. Gainera, iruditzen zait niri orain arte erakutsi didaten guztia bueltan itzuli behar diedala. Beraz, bertan segitzeko asmoa dut, bai.