Pasa den astean egin zuten legegintzaldi berriko aurreneko ohiko batzarra, beraz, egungo zinegotzi askoren lehena izan zen. Ohi moduan, azken udalbatzarretik gaur arteko aktak onartu zituzten. Minutu gutxiren buruan pasa ziren eztabaidarako gai bakarrera: kreditu aldaketa.

Haritz Alberdi alkateak aurkeztutako proposamenak 85.000 euroko kreditu aldaketa jasotzen zuen. 2019ko aurrekontuetan beste helburu batzuetarako aurreikusitako dirua da, asmo horietarako erabiliko ez denez, beste batzuetara bideratuko dena. Parterik handiena Sahatsagako etxebizitza berriak Herrerieta kalearekin lotuko dituen bidearentzat gordetako poltsatik etorriko da. Egitasmo horrek 50.000 euroko aurrekontua zuen, baina ez da aurten gauzatuko, ondorioz, erabilpen berria izango du.

Bertaratutako guztiek, hamar zinegotzik, asmo horren aldeko botoa eman zuten. EAJko bozeramaile Aitor Urrestik beraien botoa arraizotu zuen: “Baietz bozkatzen dugu inbertsioetan gastatuko delako”. Dena den, aurreragoko aurrekontuei begira, zehaztasun gehiagorekin jokatzeko eskatu zuen, itxura txarra ematen duelakoan 50.000 euroko obra bat ez egiteak.

Kreditu aldaketarekin bultzako diren proiektuen artean daude, besteak beste, herri bideak, kiroldegiko paddle pista, eta Meagako aparkalekua. Horrez gain, berrikuntzak egingo dira ekipo informatikoetan.