Bihartik, urriak 17, hilaren 26ra egingo dute GdM San Sebastian Moda Festivala Gipuzkoako zenbait lekutan. Getarian programaren baitako bi desfile izango dira, bata bihar eta bestea ostiralean.

Lehen egunean Mercedes de Miguelen jantziak ikusteko aukera izango da 20:30etik aurrera. Ateak, ordea, ordu erdi lehenago irekiko dituzte. 22:00etan, aldiz, Santos Costuraren desfilea izango da. Kataluniarra AEBn, Frantzian, Italian, Erresuma Batuan, Errusian eta Qatarren ibili da.

Ostiralean Gipuzkoako moda diseinatzaileen txanda izango da, izan ere, lurraldeko proiektuak eta diseinatzaileak sustatzea helburu duen Kutxa Kultur Moda plataformakoen lanak ezagutuko dituzte bertaratutakoek 21:00etatik aurrera. Honakoek hartuko dute parte desfilean: Amagoia Etxeberria, Eli TWO, Maialen Porroy, Laza Clothing, Maixala, Ione Iruretagoiena, Akukuna eta Fanny Alonso Couture.

Desfileen ondoren, diseinatzaileekin hitz egiteko aukera egongo da.

 

Argazkia: GdM San Sebastian Moda Festival.