Kataluniako “Procés”aren aurkako epaia eta zigorrak direla eta, Getariako Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du. Udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, elkarrekin egindako adierazpena da eta ondorengo puntuak adostu dituzte:

  • Getariako Udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriaren 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegizkoa izan zela, eta Kataluniak eta Euskal Herriak berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.
  • Getariako Udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Espainiako Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.
  • Getariako Udalak nabarmentzen du Kataluniako “Procés”aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.
  • Getariako Udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere, herrien borondatea era demokratikoan eta baketsuan erabakitzea mozten du. Eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. artikuluaren ezarpenez edo erabakitzeko eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz erantzuten dio, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.
  • Getariako Udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta, era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behara utz ditzala.
  • Getariako Udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei, hala nola, Kataluniako herriari eta erakundeei, eta Getariako herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

Horrez gain, Getariako herritarrei bi ekitalditan parte hartzeko deialdia egin diete. Lehenengoa bihar, urriaren 18an, izango da. Herriko plazan, 12:00etan hasita, elkarretaratzea antolatu dute. Bigarrena, berriz, larunbatean, urriaren 19an, egingo da. Manifestazio honi Donostiako Antiguako tunelean emango zaio hasiera.