Herrian aparkalekuekin dagoen arazoa kontuan hartuta, hau arautzeko parte-hartze prozesua jarriko du martxan azaroan Getariako Udalak. Hortaz, “Getariako udalerriko bide publiko jakinetan ibilgailuen aparkalekua eta gune jakin batzuen zirkulazioaren eta erabileraren zenbait alderdi arautzeko”, herritarrekin hitz egin nahi dute udal ordezkariek.

Horretarako bi bilera zehaztu dituzte, bata azaroaren 14ean eta bestea, azaroaren 21ean. Bi saioak 18:00etatik 20:00etara izango dira Berdura plazan. Horietako bakoitzean, ordea, gai ezberdinak landuko dituzte: lehenengoan, egungo egoera aztertu eta sistema egokiena aukeratuko dute; bigarrengoan, berriz, lehen bileran hartutako erabakia garatuko dute.

Bi helburu zehaztu dituzte aparkalekuen inguruko ordenantza garatzeko orduan: trafikoa antolatu eta hobetzen laguntzea, eta oreka handiagoa lortzea herriko hainbat gunetan aparkatzeko dagoen eskaintzaren eta eskariaren artean.

Bide horretan, honako galderei erantzuteko proposatuko diete herritarrei:

  • Aparkalekuari dagokionez, zein dira, zure ustez, Getariak dituen arazoen jatorria?
  • Zein soluziok (bat edo gehiago) ematen dio konponbide egokiena Getariako herritarren aparkatzeko beharrei?
  • Egokia da kanpoko autoen fluxu guztia moilara bideratzea?
  • TAO sistemak arazoa arintzen lagundu al dezake?
  • Bestelako modurik ba al dago Getariako aparkalekuaren gaia antolatzeko?