Datorren astelehenean, azaroaren 25ean, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko eguna da. Horren harira, udaleko bi alderdiek, EH Bilduk eta EAJk, adierazpen instituzionala egin dute. Bertan, emakumeen aurkako indarkeriaren “egitura-izaera nabarmentzen” eta mota honetako “indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko konpromisoa” hartzen dute. Era berean, berretsi dute “nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, eta biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean arreta berezia jarrita”.

“Biktimei erreparazioarako printzipioak berekin dakar biktimak eskubide-urraketa bizi aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezkoak diren ekinzak martxan jartzea”. Hori dela eta, tokiko gobernuek biktimei arreta eskaintzeko alorrean aitortuta duten erantzukizuna eta eskumena udalak bere gain hartu ditu. Gainera, erreparatzeko prozesuan “politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuarekin, tokiko erakundeen esku-hartzea funtsezkoa” dela adierazi dute.

Bestalde, Berdinsareako (Berdintasunaren aldeko eta emakumeekiko indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sareko) udaletako berdintasun-teknikarien lana “oinarrizkoa eta balio handikoa” dela aitortu dute. Beraiek, batez ere udal txikienetan, ekintzarako orientazio eta irizpide komunak eskaintzen dituzte. “Hain zuzen, erreparazioari dagokionez, Indarkeria matxistaren biktimei erreparaziorako tokiko ekintzen gida bat prestatzeko lanean ari dira, tokiko erakundeek indarkeria matxistaren biktimek ordaina jasotzeko duten eskubidea praktikan jarri eta zehaztu ahal izan dezaten, udal eskumenaren esparruan”.

Indarkeria matxistaren modu guztiak desagerraraztea laguntzeko konpromiso politikoa aitortu du udalak, horretarako hainbat puntu adostu ditu:

  • Biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jarri, euren beharrizan eta eskariei entzun eta arreta eman
  • Erreparazioaren ikusmoldetik, ikuspegi feministarekin, langile espezializatu eta kualifikatuak eduki
  • Erreparaziorako eta ahalduntzeko esku-hartze prozesu guztietan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan egin
  • Tartean sartutako erakunde guztiekin koordinatu, arreta eta erreparaziorako baliabideak egituratu, indarkeria matxistaren biktimen egoera erabat lehengoratuko dela eta urratutako eskubideak berrezarriko direla bermatu
  • Biktimen eta bizirik atera diren pertsonen arreta eta erreparazioari dagokionez, berdintasun-politikak eta ekintzak diseinatzeko, talde feministekin eta tokiko emakumeen elkarteekin modu estuan lankidetzan aritu
  • Era berean, dei egiten diegu herritar guztiei, udalerri guztietan A25 dela-eta antolatuko diren salaketa- eta aldarrikapen-ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten.

Azaroaren 25erako elkarretaratzea antolatu du udalak. 19:00etan herriko plazan izango da, eta herritarrei bertaratzeko gonbita egin dio.