Txantxi Dotore erabiltzaileak lortu du Egunean Behineko Getaiarrak taldean, oraingoz, puntuaziorik altuena. Orain dela aste batzuk atzera 549.01 puntu eskuratu zituen, eta horri esker, taldeko errekorra ezarri zuen. Baina ez hori bakarrik. Eskuratutako puntuazioa hain izan zen altua non final handirako txartela lortu duen.

Bihar, larunbata, izango da Egunean Behineko zuzeneko finala. Buruargi ugari bilduko dira Azpeitiko San Agustin kulturgunean eta finaleko maila oso altua izango da. Izan ere, irailaren 16an jokoaren bigarren denboraldia hasi zenetik, astero, sailkapen orokorrean lehenengo hamar postuetan geratu diren erabiltzaileek finalerako zuzeneko txartela eskuratu dute. Egun, jokoan, 50600 erabiltzaile inguru daude, beraz, atera kontuak.

Baina, nor ote da Txantxi Dotore? ARTZAPE erabiltzaile horren atzean dagoen pertsonarekin egon da, Shanti Arrietarekin. Arrieta, izatez oriotarra da, baina egun Getarian bizi da. Jokoan lortzen dituen emaitzak ikusita, esan genezake euskal kulturaz zerbait baino gehiago dakien pertsona dela. Biharko finala dela eta, berarekin aritu gara solasean.

Hasteko, zorionak Egunean Behineko finalera sailkatu izanagatik
Eskerrik asko!

Antolatzaileak, jada, jarri al dira zurekin harremanetan?
Bai. Finalera joango nintzen ala ez jakiteko, lehengo astean idatzi zidaten. Aste honetan, berriz, finaleko hainbat gauza zehaztuz, posta elektroniko bat bidali didate. Besteak beste, 11:30etarako Azpeitiko San Agustin kulturgunean egon behar dudala esan didate.

Eta finalaren inguruko xehetasun gehiago eman al dizkizute?
Bai, esan didate 150 pertsona egongo garela. Finalerako zuzenean sailkatu garenak ez garenez 150 izango, falta diren partaideak zozketa bidez aukeratuko dituzte. Finalean parte hartu ahal izateko edonork eman zezakeen izena, beraz, apuntatu direnen artean egingo da zozketa hori.

11:30erako San Agustinen egon behar dugu, eta han, mahaietan jarriko gaituzte. Elkarrengandik banatuta eseriko gara eta bakoitzak gure mugikorrarekin erantzungo ditugu galderak. Denok galdera berdinak izango ditugu. Esan didate gehienez ordubete iraungo duela: 12:00etatik 13:00ak inguru arte. Aurkezlea, berriz, Kike Amonarriz izango da.

Publiko bezala joateko aukera ere egongo da; ez da sarrerarik edo gonbidapenik behar. Gu jokatzen egongo gara, baina jendea ikusten egon daiteke, inongo arazorik gabe.

Nolako galderak izango diren badakizu?
Jokoan agertzen direnen antzekoak izango direla esan didate: galdera bat egongo da eta horrentzako hiru erantzun posible. Baina ez dakigu zenbat galdera izango diren. Esan didate txanda desberdinak egongo direla, baina hortik aurrera ez dakigu ezer.

Urduri al zaude?
Bueno, gogoa behintzat badaukat. Horrelako zerbait egiten den lehenengo aldia da eta polita izango da. Kezka bat daukat, azkena ez geratzea. Jende oso ona joango da, hor goian dabilena eta orduan, ez nuke barregarri geratu nahi. Zerbait txukuna egitea espero dut.

Ari al zara finalerako prestatzen?
Bai bueno… beti bezala egunero ari naiz jokatzen, baina horrez aparte ez dut ezer berezirik egin. Azken finean betikoa; egunkaria irakurri, irratia entzun… horrek asko laguntzen du.

Jokoan oso emaitza onak lortzen dituzu. Puntuazio altu horiek lortzeko aholkurik edo sekreturik ba al duzu?
Matematiketan beti ibili izan naiz ondo, orduan horrek pila bat laguntzen dit. Adibidez zatikiekin, ekuazioekin… horiek normalean asmatzen ditut.

Gero, egunean egoteak ere, irratia, telebista eta egunkariak jarraitzeak, asko laguntzen du. Askotan literaturari edota musikari buruz galdetzen dizutenean, euskal kultura jarraitzeak lagundu egiten du. Batzuetan, zorteak ere asko esan nahi du. Galdera bat edo bestea egitea ez da berdina.

Egunean Behinen jokatzeko erritual edo ohitura jakinik ba al daukazu?
Normalean goizean jokatzen dut, gosaltzen ari naizela. Gustatzen zait lasai egotea, ni bakarrik mugikorraren aurrean eta kontzentratuta. Zentzu guztiak horretara jarri, azkenean, azkar erantzutea ere garrantzitsua baita.