Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMAk) bigarren urtez jarraian ekimen ibiltaria antolatu du. Datorren ekainaren 29tik uztailaren 5era, proiektuan parte hartzen duten gazteek Zumaia eta Lekeitio arteko bidea oinez egingo dute.

UEMAtik adierazi dutenez, “udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topeketen helburua”. Erakundeak, azken hiru urteotan, udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu. Pasa den urtean, lehen aldiz, ekimena ibiltaria izan zen. Bertan, 60 gaztek hartu zuten parte.

Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau zabala prestatu dute: herriz herriko ibilaldiak, kontzertuak, kantaldiak, jolasak, solasaldiak… Horrela, “gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin”.

Zazpi egunetako ibilaldi horretan udalerri euskaldunetako 14-18 urte arteko gazteek eman dezakete izena. Epea otsailaren 19an hasi eta martxoaren 31 arte luzatuko da. Ekimenean hiru modutara apuntatu daiteke: euren webgunetik, telefonoz (943 816 699) edota posta elektronikoz (hezkuntza@uema.eus). Informazio gehiago behar izanez gero bisitatu euren webgunea.

Argazkia: UEMA