Dantza nagusitu da gaur arratsaldean plaza inguruan. Kolax bikoa (Lizaso eta Egaña) DJ lanetan aritu dira eta txiki nahiz handi jarri dituzte dantzan.

19:00ak bueltan banatu dituzte inauterietako kartel lehiaketako sariak. Bertan izan dira irabazle guztiak: Karen Esnal Gastezi (2-5 urteko kategorian), Lur Elorrieta Alberdi (LH1-LH3 kategorian), Irati Vicente Ezenarro (LH4-LH6 kategorian), Estanix Irazu Larrazabal (DBHko kategorian) eta Asier Illarramendi Etxabe (helduen kategorian).

Gainera, erakusleiho lehiaketako garaileak ere iragarri dituzte: Gee arropa eta oinetako dendak irabazi du lehen saria, Gluglu bitxi dendak bigarrena eta Getariano kafetegiak hirugarrena. Karnabaleruena saria Euskadi Irratiko esatariarentzat izan da.

Kolaxen agurraren ondoren, dantza erraldoia egin dute plazan bildutako guztiek.