Koronabirusaren hedapena saihesteko asmotan, hondakinen bilketa zerbitzuan ere hainbat neurri hartu ditu Urola Kostako Udal Elkarteak. Neurriok martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak eta Eusko Jaurlaritzaren gomendioek zehaztutakoaren arabera hartu ditu eskualdeko erakundeak.

Horrela, “herritarren osasuna eta segurtasuna zaintzeko”, errefusaren eta hondakin organikoen edukiontziak (grisak eta marroiak) irekita mantentzea erabaki du. Gainera, abisu berririk jaso arte, kendu egingo ditu derrigorrez eskuz ireki beharreko edukiontziak, tartean Getariako Menditxokoa. Era berean, herritarrei eskatu die etxetik gertuen dituzten edukiontziak erabiltzeko.

Hondakin handiak ez dira jasoko

Gaurtik, martxoak 18, bertan behera geratu da etxeko hondakin handien bilketa zerbitzua, hortaz, etxean eduki eta kalera ez ateratzeko deia egin zaie herritarrei.

Gainera, eskualdeko hiru garbiguneen funtzionamendua aldatuko da, izan ere, gaurtik, langile profesional eta udal zerbitzuek bakarrik erabili ahal izango dituzte. Halaber, gogorarazi dute garbiguneen kanpoaldean hondakinak uztea debekatuta dagoela.

Gaixoen hondakinak

Udal Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, “debekatuta dago COVID-19arekin gaixotutako herritarren hondakinak frakzioak bereizita biltzeko edukiontzietan uztea”. Beraz, “gaixotutako herritarrek edota zaintzaileek erabilitako eskularruak, musuzapiak, maskarak, etab. poltsa itxietan atera eta errefusaren edukiontzietara botako dira”.

Elkartearen protokoloa

Urola Kostako Udal Elkarteak koronabirusaren hedapena saihesteko protokoloa ezarria du joan den asteburutik. Ekimenen agenda ez ezik, bertan behera utzi du jendaurreko jarduera oro (ikastaroak, hitzaldiak, lan-saioak) eta jendaurreko harrera zerbitzua egokitu egin du (08:00etatik 14:00ak bitartean); herritarrei kontsultak telefonoz (943 89 08 08), posta elektronikoz (harrera@urolakosta.eus) eta egoitza elektronikoz egiteko aukera eman die.

Udal Elkarteko zerbitzuak beharrezkoak diren kasuetan bakarrik erabiltzeko deia egiten zaie herritarrei. Eta, arduraz jokatzeko deia luzatzearekin batera, Osasun Sailak emandako gomendioak arduraz jarraitzeko eskaera egiten zaie herritarrei.