Open Lab Urola Kosta komunitateak Covid Euskadi sareak sortutako ekimenarekin bat egin du. Hala, eskualde mailako bolondres sarea osatu da eta, auzolanean, betiere norbera bere etxetik eta bere 3D inprimagailuekin, oraingoz, osasun langileak babesteko biserak egiten ari dira. Jadanik, boluntario sareak ekoitzitako lehen biserak osasun langileengana iritsi dira.

Open Lab gunea bera itxita dago herritarrentzat, baina bertako inprimagailuak lanean ari dira. Esan bezala, oraingoz, osasun langileak babesteko biserak egiten ari dira. Hala ere, “maker” komunitatea arnasgailu prototipo ezberdinak sortzeko ahaleginean, gogor ari da lanean. Urola Kostako Open Lab laborategiko kideak gertutik ari dira jarraitzen ekimena, eta eskura dituzten baliabideen arabera, teknologia osasun langileen zerbitzura jartzeko borondatea adierazi dute.

Ekimenean, etxean 3D inprimagailua duen edozein herritarrek hartu dezake parte. Interesa izanez gero, jarri harremanetan Open Lab Urola Kostako Iñaki Etxaiderekin openlab@urolakosta.eus posta elektroniko bitartez edota 943 89 08 08 telefonora deituta.