Arnas sintomak nabaritzen dituen herritarrek ohiko osasun zentrora deitu behar dute. Hala adierazi zuen atzoko agerraldian, Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak. Duela aste batzuk Gasteizen eta Barrualde-Galdakao ESIan koronabirusa dela eta hasitako zonakatzea herrialde osora zabaldu da. Helburua asistentzia hobetzea eta pazienteen eta profesionalen segurtasuna indartzea da.

Beraz, eztula, sukarra, eztarriko mina edota arnasa hartzeko zailtasunak izanez gero, orain arte ez bezala, ohiko osasun zentrora deitu behar da; getariarren kasuan, herriko anbulategira (943 14 06 53). Ondoren, beharrezkoa izango balitz, osasun zentroak berak bideratuko luke gaixoa ezarritako erreferentziazko zentrora. Horrela, arnas patologiak dituzten pazienteen arreta gainerako osasun-eskaeretatik bereiztea lortuko da, eta horri esker, Covid-19a duten pertsonek gainerakoak kutsatzea ekidingo da.

Horrez gain, asteburuetan, aurrez aurre, etxean eta telefonoz artatzeko etengabeko arretako guneen (EAG) ohiko zerbitzuak indartuko dira.

Irudia: Google Maps