Elkano Fundazioa Elkanoren garaiko Euskal Herriaren testuingurua ikertzen ari diren egileen bila dabil. Izan ere, aurtengo UPV/EHUren Uda Ikastaroetan, Elkanoren Euskal Herri barneko bidaia mintegia antolatu dute. Hala, datorren ekainaren 17an eta 18an egingo den mintegian, ahozko komunikazioak aurkezteko atal bat sortu dute. Egile bakoitzak, gehienez, 10 minutu izango ditu bere aurkezpena egiteko.

Ahozko komunikazioen gaiek uda ikastaroak eta Euskal Herri barneko bidaia mintegiak dituen helburuekin eta edukiekin lotura izan behar dute. Horregatik, ondorengo puntuetakoren bat landu beharko dute:

  • Juan Sebastian Elkanoren garaiko Euskal Herrian bizi ziren gizon eta emakumeen eguneroko bizitza, kezka eta interesak.
  • Garai hartako Euskal Herriaren testuinguru sozio-ekonomikoa.
  • Bidaia haren ondorioei buruzko gogoeta, eta duela 500 urtetatik gure mundua nola aldatu den hausnartzea.
  • Garai hartan ontzigintzak eta itsas zein ibaiko merkataritzak euskal gizartean zuten garrantzia.
Bertan parte hartu nahi izanez gero, proposamenaren laburpena, maiatzaren 15a baino lehen, Elkano Fundazioaren helbide elektronikora (info@elkanofundazioa.eus) bidali behar da. Laburpenak, euskaraz zein gazteleraz, 250 hitz izan behar ditu, eta pertsona bakoitzak, gehienez, hiru proposamen desberdin aurkeztu ditzake. Xehetasun gehiago hemen klikatuta edota Fundazioaren webgunean aurkituko dituzue.