Bart gauean Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak prentsaurrekoan azaldu zuenez, alarma egoeran ezarritako itxialdia maiatzaren 9ra arte luzatuko da. Apirilaren 27tik aurrera, ordea, haurrek ere kalera ateratzeko aukera izango dute, “babes neurriak hartuta”. Oraindik zehazteko daude zeintzuk izango diren irten ahal izateko baldintzak –datozen egunetan jakinaraziko dituzte–, baina badirudi 12 urte artekoek izango dutela kalera joateko aukera.

Gainera, maiatzaren 10etik aurrera konfinamendua arintzen hasteko asmoa agertu zuen Sanchezek, “zuhurtziaz eta pixkanaka”. Orain arteko neurriak lurralde osorako berak izan badira ere, aurrera begirako prozesua autonomia erkidego bakoitzaren egoeraren araberakoa izan daitekeela iragarri zuen. Hain zuzen ere, gaur goizean autonomia erkidegoetako ordezkariekin egingo duen bileran aurkeztuko ditu asmo berriak Espainiako presidenteak.