Urola Kostako Udal Elkarteak, “osatzen duten bost herrietako udal ordezkarien proposamen eta ekarpenak zein eragile ezberdinen iritzia jasota”, diru-sail bat prestatu du koronabirusak ehun ekonomikoan eragin duen kaltea arindu eta enpresei berraktibazio prozesuan laguntzeko.

Bi lerro izango ditu diru-sailak: batetik, COVID-19agatik itxi behar izan duten jarduera guztiei hobaria emango zaie 2020ko bigarren, hirugarren eta laugarren hiruhilekoetako zabor tasetan; bestetik, enpresa, autonomo, merkatari edo ostalariek ireki ahal izateko hartu behar izan dituzten segurtasun- eta prebentzio-neurri sanitarioak betetzeko inbertsioak kofinantzatuko ditu, hala nola, eskularruak, maskarak, NBEak, gel hidroalkoholdunak, plastiko edo kristalezko itxiturak. Azken laguntza hori eskualdeko hornitzaileekin burututako lanak kofinantzatzeko izango da, eskualdeko enpresen bitartez egitea sustatu nahi baita.

Lourdes Salsamendik adierazi duenez, “UKUE lehen unetik egon da enpresa, ETEen eta autonomoen alboan, laguntza eskainiz. Enpresa itxi egin behar izan dute edo fakturazioa jaitsi egin da, beraz, krisi honi aurre egiteko, Udal Elkarteko giza baliabideak jarri ditugu eragindako sektorearen eskura”. Gaineratu du Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak onartutako dirulaguntzen “osagarri” izatea dutela helburu eta haien laguntza lerroak aztertu ondoren proposatu dituztela. “Momentu honetan erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da herritarrei erantzunik egokiena eta integralena emateko, horregatik, gure eskumen eremutik, Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako eta jarriko dituzten laguntzekin lerrokatuta joango gara”.

Lehen dirulaguntza lerro hau asteazkenean, maiatzak 27, onartuko da Zuzendaritza Batzordean.

Bigarren lerroa udazkenean

Udal Elkarteko ordezkariek bigarren dirulaguntza lerro bat iragarri dute udazken alderako, “egoeraren ikuspegi hobea izango dugu eta behar diren beharrak hobeto identifikatuko ditugu”.

Salsamendik azaldu du egindako proposamena “arduratsua eta errealista dela kontuan hartuta UKUE eskualdeko udalen ekarpenetatik eta zaborren tasen kudeaketatik finantzatzen dela”. Era berean, aurrekontua egokitu behar izan dutela jakinarazi du, “hala ere, zuzeneko laguntzekin jarraitzen dugu, eskualdeko enpresen lehiakortasunerako eta egoera honi aurre egiteko”.