Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, aurten ezingo dira ohi modura ospatu Getariako Euskal Jaiak. Hala ere, modu xumeago batean, larunbat goizerako egitaraua prestatu du Udalak.

Goizeko 09:00etan, herriko kaleak esnatuz, Gazte Alaiak Txistulari Taldekoak ibiliko dira. Jarraian, 10:00etan hasita, Musika Eskolako trikiti eta pandero joleek hartuko diete erreleboa. Bien bitartean, herritarrei balkoietara irten eta musikariak txalo eta irrintziekin agurtzeko gonbita egin zaie.